argia.eus
INPRIMATU
Elkarrekin Podemos-IUk bat egingo du hezkuntza hitzarmenarekin
  • Sare publikoa eta itunpekoa hezkuntza legean barnebiltzeko EAJ eta EH Bilduk defendaturiko formulak akordiotik urrundu zuen hasieran Elkarrekin Podemos-IU, baina iragarri du azkenean bat egingo duela EAEko hezkuntza hitzarmenarekin. Zer aldatu da, baina?

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko martxoaren 16a
Argazkia: Elkarrekin Podemos-IUren ordezkariak Legebiltzarrean (arg: Irekia)

Hezkuntza hitzarmenaren zirriborroak berdindu egiten zituen sare publikoa eta itunpeko sarea, eta %100eko finantzazioa agintzen zien ikastetxe guztiei, betebehar batzuei erantzunez gero. Erreportaje honetan kontatu dugunez, egunotan negoziatzen ari dira itunpeko sarea nola jasoko duen legeak –kontzeptualki sare publikoaren estatus bera emango al dion–, baina funtsa ez da aldatuko: betebehar batzuei erantzuten dien ikastetxe orok %100eko finantzazio publikoa jasoko du. Elkarrekin Podemos-IUk dio betebehar berriak gehitu direla –adibidez, sexuaren arabera segregatu ahal ez izatea ikastetxeak, funts publikoak jasotzeko– eta eskola publikoarentzat berariaz egindako plan estrategikoa jasoko duela hitzarmenak, besteak beste, ikastetxe publikoen azpiegiturak hobetzeko eta ikasleen segregazio ekonomikoari aurre egiten lagunduko duten matrikulazio bulegoak herrietan sortzeko.

Elkarrekin Podemos-IUk defendatzen zuen publifikazioa ez dago mahai gainean

“Eskola publikoa indartzea lortu dugu”, esan du alderdiak, hitzarmenarekin bat egingo dutela argudiatzeko. Alderdi horrek hasieratik itunpeko ikastetxeen publifikazioaren alde egin du, alegia, itunpekoak sare publikoko ikastetxe bilakatzen joatea izan du helburu, baina testuak ez du halakorik jasoko. Egun, ikasleen %50 inguru hartzen du sare publikoak eta beste %50 itunpeko sareak; sare publikoa sistemaren %65 izatera iritsi behar zela eskatzen zuen Elkarrekin Podemos-IUk, baina zifra hori desagertu egingo da adostuko duten testutik.

Ostegun honetan bozkatuko dituzte alderdiek batzuek eta besteek egindako zuzenketak, eta jakingo dugu segregazioari aurre egiteko konpromiso zehatzik jasoko al duen testuak, baita ikasleak euskalduntzeari dagokionean ikastetxe guztientzat eredu bakarra eta orokortua gailenduko den ere. Gai horien inguruan alderdiek duten jarrera argitu dugu erreportaje honetan.

Sindikatuek, bestalde, greba deitu dute martxoaren 25ean, hezkuntza hitzarmenaren zirriborroarekin oso kritiko agertu baitira.