argia.eus
INPRIMATU
Elkarrekin eskolak bere egiten
  • Eskolako lehenengo egunetan haurrei bidea egiten laguntzeko zenbait urrats eman ditu Amaia Biurrun irakasle eta pedagogo sistemikoak.

Olaia L. Garaialde 2023ko irailaren 08a
Argazkia: GlitterandFrills / Flickr.com

Ikasturtea hasi da, eta txikienak egokitze fasean daude, haur askorentzat eskolara doazen lehenengo aldia delako. Amaia Biurrun irakasle eta pedagogo sistemikoaren arabera, garrantzitsuena da gurasoen eta irakasleen arteko komunikazioa eta elkarlana. Horregatik, nabarmendu du beharrezkoa dela haurrek ikustea helduekin egiten dutela eskola bere egiteko bidea: “Askotan uste dugu hobe dela ez sartzea eskolara haurrarekin, baina hori egiten badugu ez diogu garrantzirik ematen elkarrekin zentro berria ezagutzeari”.

Eskola ezagutzeko bidea elkarrekin egin arren, haurrek esploratzeko autonomia izan behar dutela uste du: “Esaten badiot zerekin jolastu behar duen eta nola, ez diot laguntzen espazio berria konkistatzen”. Horretarako, helduak bigarren planoan geratu behar direla dio; bestela, joaten direnean haurrak galduta sentitu daitezke.

Eskola atsegina izateko, garrantzitsua da “erakargarria” izatea: “Jolasteko aukera egon behar da, baina orden estetikoa ere, horrek kokatzen laguntzen dielako”. Biurrun kontent da irakasleek geroz eta arreta gehiago jartzen dutelako haurren interesetan eta eskolan dituzten materialak baliatzen dituztelako haurrak ezagutzeko: “Hasi baino lehen, gurasoei galdetzen diete haurrak zer duen gustuko; horrela, ikusten badute haurra ez dela egokitzen, bere interesa pizten duen zerbaitekin saiatu daitezke”.

"Batzuetan, uste dugu negarrik ez egiteak esan nahi duela umea egokitzen ari dela, baina momentu batean edo bestean negarra askatu beharko du gelan"

Agurtzeko garaia

Haurrarentzat emozionalki zein psikologikoki laguntzeko, garrantzitsua da irakaslearen eta gurasoen artean haurraren erritmoak errespetatzea, eta horren arabera gurasoek lehenago edo beranduagoa agurtzea haurra: “Batzuetan, uste dugu negarrik ez egiteak esan nahi duela egokitzen ari dela, baina geletan izan dudan esperientziarengatik, badakit momentu batean edo bestean negarra askatu beharko dutela”.

Agurrak gurasoei zein haurrei “beldurra” eta “ziurgabetasuna” eragin diezaiekeenez, “oso garrantzitsua” da gurasoen eta irakasleen arteko komunikazioa lantzea: “Horri esker identifikatu dezakete eskola espazio seguru bat dela”. Gaineratu du konfiantzazko pertsona bat dela identifikatzeko irakasleak gurasoak banan-banan agurtzeko aukera izan behar duela: “Oso garrantzitsua da haurrak ikustea gurasoa ez doala deus esan gabe eta konfiantzazko norbaitekin uzten duela umea”. Gaineratu du, haurra despistatzen denean, negarrik ez egiteko, deus esan gabe alde egiteak  “angustia handia” eragiten diela: “Haurrak egiten duen lotura da, ongi dagoenean bere erreferentziazko pertsona joaten dela”. Horregatik, garrantzitsua da egoera “gogor” horietan gurasoek akonpainamendua egiteko prestatzea.

Eskolan bidelagun izateaz gain, eskolatik ateratzen direnean ere garrantzitsua da ondoan egotea: “Askotan, eskolatik ateratzen direnean deserosoak diren eztanda emozionalak izaten dituzte, eta horiek kudeatzen jakin behar dugu”.