argia.eus
INPRIMATU
“Elkarrekin edozer dugu posible”, HatortxuRock 20. edizioaren 20 istorio
  • Iñaki Alforja zine zuzendariak dokumental batean bildu du Hatortxu Rock-eko 20. edizioa  posible egin zuen auzolan erraldoia. 20 pertsonaren istorioen bitartez, zuzendari iruindarrak elkartasun jaialdiaren aurreko zein bertako bizipenak bildu ditu. Eta tituloak ederki laburbiltzen du bertan bizitakoa. “Elkarrekin edozer dugu posible”. Azaroaren 30an estreinatuko da Iruñean.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2017ko azaroaren 20a

"Argi geratu zen Lakuntzan elkarrekin aritzen garenean, indarrak batzen ditugunean, proiektu eta erronka handiena ere arrakastaz atera dezakegula aurrera", diote HTX jaialdiko antolatzaileek. Eta hori frogatzen duen 20 pertsonaia aurkezten dira dokumental honetan.

Hatortxu Rock 1999an jaiotako musika jaialdiak hasiera-hasieratik zituen helburuekin jarraitzen du: errepresaliatu politikoen egoeraren salaketa eta dispertsio politikak eragiten dituen gastu erraldoiei aurre egitea eta senideekiko elkartasun ekonomikoa. "Urrunketa sistematiko honek 28 urte bete ditu eta denbora honetan, gehien Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeetan, zigorra betetzen duten senideak ikusteko ehunka kilometro egin behar dituzte astero. Hamasei pertsona hil dira bisita hauetara bidean", gogoratzen dute antolatzaileek.

2017ko uztailean Lakuntzak 20. edizioa hartu zuen. Lau egun, 85 musika talde eta milaka pertsonak osatu zuten sekula Euskal Herriak ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena. Hau 6.000 lagunen lan boluntarioari esker atera zen aurrera. Iñaki Alforja zuzendari iruindarrak haietako 20ren istorioak bildu ditu. 20 istorio hauek elkartasun proiektu honetan bat egiten dute, auzolana erreminta onena bihurtuz.

Aurkezpena azaroaren 30ean izanen da, Iruñeko Golem zineman. 20:00etatik aurrera izanen da proiekzioa eta sarrera doakoa izanen da.

Albiste hau Ahotsa.info-k argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta