Tokiko bost telebista elkarlanean arituko dira aurrerantzean Gipuzkoako euskarazko albistegi berrian. Goiena, Goierri, Erlo, 28.kanala eta Hamaika telebista dira 'Gurean Gaur' saioaren sortzaileak. Bost euskarazko komunikabide horiek “indarrak bildu” eta euskarazko saio indartsu bat aurkeztea dute helburu.
Emisioak astelehenetik ostiralera izango dira; 20:45etan Hamaika telebistan eta 21:00etan Goienan. 15 minutu iraungo dituen albistegiak elkarrizketa, erreportaje, albiste eta analisien bitartez emango du egunero Gipuzkoaren berri.
Foru Aldundiaren babesa jaso du proiektu honek. Gipuzkoako Euskara Zuzendari Zigor Etxeburuak esan du euskarazko telebistak “beharrezkoak” direla. Eta tokiko telebistek euskarari egiten dioten “mesedea” kontuan izanik, telebista saio bat sortzea proposatu zien. Emaitzak, 207.000 euroko diru laguntza jasoko du Gipuzkoako Aldundiaren eskutik.
Hasieran, telebista bakoitzak bere kasa egiten zituen saioak partekatzen zituzten. Baina urriaren 1etik aurrera, elkarlanean ari dira albistegia sortzen eta prime time ordutegian emititzen.