Ekainaren 20tik 26ra bitartean garatuko da astea, egun bakoitza lantzen duen ildo bati eskainiz. Antolakuntza formala zein sare informalak indartu nahi dituzte; erronka handiak ezartzeaz gain, eguneroko konplizitateak landu.
“2017. urtetik aurrera elkarlaguntzaren alde apustu egiten dugu gure kolektiboan” azaldu du kolektiboak urtemugaren atarian ARGIAri bidalitako iritzi artikuluan. Kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa txirikordatzen dituen “Dominazio Sistema”ri aurre egiteko indarrak biderkatu nahi ditu sareak. “Gatazka eta antolakuntza eraikitzeko” erreminta bezala ikusten dituzte berearen moduko elkarlaguntza sareak zein gaztetxeak edota etxebizitza sindikatuak.
Antolakuntza formalez gain, espazio eta modu informalei ere ematen diote garrantzia sareko kideek: “Historikoki, gizarteak, elkarkidetasun sare eta informaltasun asoziatiboaren bitartez eraiki izan ditu bere harreman afektibo eta ekonomikoak, merkantilizazio formetatik eta burokratizaziotik haratago”. Egunerokotasunean kokatzen dute begirada epikotasunean baino gehiago: “Konplizitateak sustatzea ezinbestekoa da; militantzia, etengabeko sakrifizioa baino, normaltasun baten barruan sartu dadin, egunerokotasuna ordenatuko duena, beste forma bat emanez”.
Elkarlaguntza Astea
“Inflexio puntu indartsuek guzti hori elikatzen dute, eta horretara dator, aipatutako ideiek astebetez eztanda egin dezaten antolatu dugun Elkarlaguntza Astea, ekainaren 20tik 26ra, egun bakoitza egunerokotasunean lantzen dugun ildo politikoetako bati eskainiz”, azaldu dute. Besteak beste, mahai inguruak, tailerrak, kontzertuak, jolasak, auzolanak edo bazkariak antolatu dituzte, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbita.