argia.eus
INPRIMATU
Elkargoaren ordezkari kopurua trenkatu du Eric Morvan prefetak
  • Iparraldeko Herri Elkargoa urtarrilean abian jarriko da. Pirinio Atlantikoetako Eric Morvan prefetak egitasmoa behin betiko ebatzi du. Udalerri bakoitzak Elkargoko Kontseiluan izanen duen eserleku kopurua zehaztu du halaber.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2016ko urriaren 19a
Eric Morvan prefeta (Argazkia: Gaizka Iroz).

Pirinio Atlantikoetako Eric Morvan prefetak astelehen honetan aditzera eman duenez, Iparraldeko Elkargoaren Kontseilua 233 kidek osatuta izanen da. Erabakia lurralde kolektibitateen kode nagusiari erantzuten dio, aurreko prefeta Pierre-André Durandek garatutako prozeduraren barnean.

Egungo prefetak hainbat herrietan emandako aldaketen berri eman zuen, hala nola, Baionak 11 ordezkari izatetik 22 izatera pasa dela. Angelu 9tik 18ra. Miarritze 7tik 11ra. Bidart herriak 2tik 3ra. Arrazoia, udalerri horietan biztanle kopurua emendatu izana. Aldiz,  23 herrik galduko dute ordezkari bat edo beste.

Aldaketa hauek eztabaidak sorrarazi ditu Herri Elkargoaren antolaketan ari direnen artean. Hau da galderetako bat: ordezkari berriak nola egokitu Elkargoan? Legeak bozketa proportzionalaren arabera egitea agintzen du. Bistan da, udal taldeetan badira izen edo hautetsi pribilegiatuak eta denek ez dute iritzi bera Herri Elkargoaren antolaketari buruz. Hartara, nolako herriak eta hautetsiak halako metodoak.  

Hautetsien debateak korridoreetan

Hautetsi bakoitzaren betebeharren araberako aukera egitearen alde paratu dira Hautetsi asko. Baionako Sylvie Durruty hautetsia Jean-René Etchegaray auzapezarekin ari da negoziatzen. Adibidez, Miarritzeko Guillaume Barucq-ek  dioenez “Elkargoko ordezkariak hautatzerakoan, tokiko aglomerazioko ingurumena eta saneamenduaren segimendua egiten dutenak oso kontuan hartu beharko lirateke. modu berezian”. Adibide bat besterik ez da.

Beste hautetsi batzuek HELEPen aldeko diren hautetsiei lehentasuna ematea ikusten dute logikoa. Debatea zabalik dago herriz herriko kontseiluetan.

Halaber, HELEPren aurkako helegiteak ezarri duten hautetsiek prefetak  hartutako erabakiaren zian egon dira. Ez omen dute amore emanen. Beren argudioen arabera “lehentasuna konstituzionalei” heldu nahi diete. Hautaketa egitean, herritarren berdintasuna aipatzen dute. Beren ustez, landetako herrietako ordezkariak gutxiago izanen dira hiri aglomerazioetako baino.

Eric Morvan prefetak herri bakoitzeko ordezkari kopurua izendatu du.