argia.eus
INPRIMATU
Igeldotarrak Donostiaren parte izatera behartu nahi dituztela salatu dute
  • “DSS2016, ongi etorri elkarbizitzaren hiriburura” idatzitako pankarta baten aurrean, hainbat igeldotarrek ekimena egin dute larunbatean Donostiako Maria Cristina zubian.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2016ko otsailaren 01
Igeldotarrek beren nahiaren aurka Donostiako parte izatea inposatzen zaiela salatu dute. (Arg: Itsa Aurre)

“2016ko Europako Kultur Hiriburuaren inaugurazioan behin eta berriz errepikatu ziren elkarbizitza, elkarrizketa, errespetua, erabakitzeko eskubidea eta abar, igeldotarrentzat hitz hutsak besterik ez dira”, diote. EAJri eta PSEri adierazi diete “igeldotarrekin auzi bat dutela”.

"Ernesto Gasco eta Eneko Goiari zuzentzen gatzaizkie: borondate politikoa eduki dezatela Igeldoko herriari irtenbide bat emateko", diote.

EAEko Auzitegi Nagusiak Igeldo herri bihurtzeko dekretua atzera bota du urtarrilaren 27an, Donostiako Udalak jarritako helegitea onartuta. Haserrea eragin du igeldotarren artean. Epaileek adierazi dute ez dela nahikoa biztanle herria sortzeko eta galdeketako emaitzak ez direla aski.

Donostia 2016ren “elkarbizitzarako kultura” esloganari keinu eginez, “elkarbizitza ez da posible, herritar talde bati Donostian mantentzea inposatzen badigute”, adierazi du Igeldoko Itsas Aurre elkarteko bozeramaileak Irutxuloko Hitzak grabatu duen bideo honetan.

 

Desanexio prozesua 1995ean jarri zuen martxan Itsas Aurre elkarteak. 2013ko azaroan herri galdeketa egin zuten. %72ko parte hartzea izan zuen eta Gipuzkoako 89. udalerria osatzearen alde %63 agertu zen, %37 aurka.