Altsasuko gertakarien haritik azken egunetan egin dituzten atxiloketei buruzko irakurketa plazaratu du eskubide zibil eta politikoen aldeko Eleak/Libre mugimenduak.
Hamabi gazte inputatu eta zazpi espetxeratu. Egozten zaien delituarentzako Zigor Kode berrituak, Mozal Legearen egun berean indarrean sartu zen horrek, ETAk armak behin betirako utzi eta lau urtera moldatutako horrek, 10 eta 15 urtera arteko espetxe zigorra aurreikusten du. Carmen Lamela epaileak justiziazkoa irizten dio gau hartako liskarrari terrorismoaren etiketa ezarri eta gazteak denbora luze hori ziega batean preso emateari.
Testuingurua: lur-eremu etsaia okupatu eta “baketzeko” logikan diharduten polizia eta militarren gainpopulazio egiturazkoa. Eszena: Jaietan dagoen herri bateko taberna, goizeko ordu txikiak, Guardia Zibileko bi kide herritarrei mehatxuka -enegarrenez-. Amaiera: Liskarra militarren eta hainbat herritarren artean.
Hortik aurrera, salbuespen neurri eta bitartekoen kateatze zoroa: herriaren okupazio militar masiboa; komunikabideen oldarraldia; politikari muturrekoenen jazarpen zuzena; neutraltasun itxura eman nahi duten politikarien jazarpen zeharkakoa; liskarretik terrorismora eta justizia arruntetik salbuespen epaitegietarako jauzia; euren borondatez deklaratzera epaitegietan aurkeztu ziren gazteen gau-erdiko atxiloketa mediatikoak; euren borondatez deklaratzera epaitegietan aurkeztu ziren gazteen espetxeratze prebentiboa “ihes egiteko arriskua” dela eta; Guardia Zibilaren aurkako “jarrera probokatzaileak, manifestazioak, kontzentrazioak, pintadak, pankartak eta afixak, bideoak eta sareen erabilera” terrorismo izendatzen dituen sumarioa; 10-15 urteko espetxe eskaera, defentsari frogak aurkezteko aukerarik eman gabe; akusazioak delitua frogatu beharretik akusatuek inozentzia frogatu beharrera (ohiko pirueta); Alde Hemendik aldarrikapenaren kriminalizazio judizial eta mediatikoa (baita, bide batez, Ahotsa komunikabidearena ere); Ospa! mugimenduaren legez kanporatze bati ateak ireki nahia?
Bost urte dira Euskal Herrian bizi dugun ageriko biolentzia politiko antolatu bakarrak estatuarena edo askotariko administrazioenak direla. Orduan jaio zen Eleak mugimendua, eta ordutik behin eta berriz errepikatu dugu: ezin gara konformatu gatazka armatuaren urteetan salbuespen politikak ezartzeko garatu ziren bitartekoak ez aplikatzearekin edo horiek malgutzearekin. Salbuespen epaitegiak, legedi antiterroristak, inkomunikazioa... horiek guztiak (eta gehiago) ordenamendu juridikotik desagertu egin behar dira. Berdin Guardia Zibila Euskal Herritik.
Hori lortzen ez dugun artean, litekeen eszenariorik onena kalitate eskaseko demokrazia formal batean praktikatu daitezkeen askatasunen eremuan jokatzea da. Hori bai, salbuespenaren Damoklesen ezpatak lepoa berriz ere noiz moztuko digun beldurrez uneoro. Izan apeta hutsagatik, izan ohiturak aldatzea zaila delako edo izan herrigintzatik euren jendarte eredua kolokan jartzeko besteko indarra garatzen dugulako (egun horretan, ez izan zalantzarik, masiboki aplikatuko lizkigukete berriz ere salbuespen neurriak).
Oinarrizko askatasunen errespetua ez zaigu zerutik helduko, askotariko osagaiak egoki eta masiboki nahastuko dituen borrokaren ondorioz baizik. Gaur nagusitzen zaizkigun mina eta amorrua, konpromisoa, irudimena, Ainara, Aritz, Edurne, Adur, Jokin, Iñaki, Oihan, Julen, Jon Ander, Aratz eta bi adin txikiekiko samurtasuna, erasotzaileen aurreko tinkotasuna, jendarte babes zabala, desobedientzia, uneotan hain urruneko egiten zaigun umorea eta bestelakoak.
Absurdoa da otsoa begetariano bihurtu nahi izatea, alferrikakoa intxaurrondoari intxaurraz besteko fruiturik eskatzea, ameskeria ura eta olioa bateratzen saiatzea. Absurdoa, alferrikakoa, ameskeria litzateke estatuek disidentzien aurkako salbuespen armategi erraldoia beren borondatez indargabetuko duten egunaren esperoan geratzea, Guardia Zibila Sakanako eta Altsasuko herritarrekin errespetuzko elkarbizitza eraikitzearen esperoan. Eta, beste dimentsiotan bezala hemen ere, elkarbizitza errespetuzkoa ez bada, hobe nor bere aldetik. Ospa!