argia.eus
INPRIMATU
Elkarbanatzearen kontzeptuan oinarrituko da irailean hasiko den Getxophoto jaialdia
  • Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak bere hamabosgarren edizioa aurkeztu du martitzenean. Arduradunek iragarri dutenez, ekimena irailaren 2tik 26ra egingo da eta, aurten ere, nazioarteko artista ospetsuek euren lanak erakutsiko dituzte udalerriko kaleetan.

Hiruka .eus 2021eko uztailaren 14a
Getxophotok aukeratutako irudietako bat (Argazkia: GETXOPHOTO-Sebastian Schmieg)

Begihandi kolektiboak bultzatzen du Getxophoto; horrek gizon-emakumeoi eragiten dizkiguten gai handiei heltzeko, bizitzeko eta horiei aurre egiteko bitarteko gisa ulertzen du irudia. Hala, arduradunek azaldu dutenez, jaialdia pentsaera kritikoa pizteko eta gizarteagaz elkarrizketa bat abiatzeko plataforma edo abiapuntu bat da.

Aurten ere, iaz bezala, Jon Uriarte, Londreseko The Photographers’ Gallery-ko komisario digitala, izango da Getxoko jaialdiko zuzendari artistikoa. Eta oraingoan, Elkarbanatu lemapean, partekatzearen ideiagaz gaur egun duten adiera berriak aztertuko ditu jaialdiak, hala nola informazioa eskuratzea, migrazio-fluxuak eta, batez ere, gero eta desberdintasun ekonomiko handiagoak nagusi diren testuinguru planetarioa.

Gaurko agerraldian Jokin Aspuru jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez, Ereaga, Portu Zaharra eta Algorta izango dira Getxophotoren erdigunea; hala ere, oraingoan, beste auzo batzuetara zabalduko da, hala nola Itzubaltzeta/Romora.

Gainera, iragarri du argazkilaritza zentroetako ikasleen arteko topaketa antolatuko duela jaialdiak; 40 ikasle baino gehiago iritsiko dira espainiar Estatuko hainbat puntutik.