argia.eus
INPRIMATU
“Elkar-zaintzan oinarritzen gara, ez gara asistentzialismoan erori”
  • Herritar antolatuak ari dira egunotan Bilbora iristen diren migratzaileei harrera egiten. “Elkar-zaintzan oinarritzen gara eta ez gara asistentzialismoan erori, bakoitza bere bizitzaren burujabe eta subjektu aktiboa dela ulertzen dugulako. Elkarrekin egiten ditugu erosketak, elkarrekin prestatzen dugu janaria, batzarra egiten dugu gauero eguna baloratzeko eta hurrengo eguneko beharrak aztertu eta denon artean antolatzeko”, kontatu digu Iñigo Santxo Atxurigorri auzo elkarteko kideak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko uztailaren 26a
Oinarrizko beharren artean ere badago konpainia egitea. Argazkiak: Txeng Meng

Egunero aldatzen da panorama, baina egunean batez beste 60 inguru dira herritar antolatuen eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren babesa aurkitzen duten migratzaileak, Afrikatik ihesean (kale gorrian gehiago daude). Espainiako Estatuko hegoaldean jaso ostean, autobus batean sartu eta Madrilera, Bartzelonara edota Bilbora eramaten dituzte, “haien iritzia aintzat hartu gabe; lagunak non dituzten, bizi-proiektua non pentsatua duten edo nora joan nahi duten galdetu gabe”, dio Santxok. “Bakoitza mundu bat da. Herrialde, bide eta egoera ezberdinetatik datoz, batzuek hiru urte daramatzate transitoan, eta mafiekin izandako harremanak, mugak zeharkatzerakoan bizitako arriskuak, baldintza gogorrak… kontatzen dizkigute”.

Harrera hutsetik harago, ekintza politikoa

Atxuri auzoko bizilagunengandik, janaria, aterpea eta babesa lortu dute migratzaileek. 15 gau egin dituzte han eta uztailaren 24an Bilbo Zaharrera aldatu dira. Azken finean, sarea eta kontzientziazioa zabaltzea da helburuetako bat, “Bilbo benetan harrera hiri bilakatzeko, aldarrikapenaren eta elkartasunaren logikatik”. Harrera hutsetik harago, ekintza politikoa da egiten dutena, azaldu digu Santxok: “Auzoan sareak sortu, herritarren artean sentsibilizazioa eta kontzientziazioa berpiztu, eta instituzioek hartzen ez dituzten ardurak gure egin eta administrazioa presionatzeko erabili”. Oinarrizko beharren artean ere badago konpainia egitea: “Arazo psikologikoak ditu hainbatek, beste hainbatek medikua behar du, familiarengandik urrun daude eta hutsuneak nabariak dira…”.

Egindako presioaren ondorioz administrazioak diru bat bideratu bai, baina ez duela egoera batere ongi kudeatu iritzi dio herritar taldeak. Errefuxiatuak igarobidean daudenez eguneko babesarekin nahikoa dutela argudiatu dute Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak. Gurutze Gorriak adibidez, ohe libreak izan arren hiru gauez baino ez die ostatu ematen; ondoren kaleratu egiten ditu zuzenean. Eta herritarren ekimenez migratzaileei aterpea emateko Atxurin erabiltzen zuten saskibaloi kantxa ere itxi du Udalak. Aurretik inoiz ez zela ixtea erabaki salatu dute auzokideek.

Instituzioek egindako lanak “ez du errealitatea gainditzeko balio, ez diete erroei heltzen eta benetako estrategia politikorik diseinatu gabe jarraitzen dute”. Horregatik, migratzaileek instituzioekiko mespretxua eta mesfidantza erakusten dutela dio Santxok, “aurkitu dutena haienganako axolagabekeria delako, politika xenofobo eta arrazista. Eta Gobernuz Kanpoko Erakundeekin ere kezkatuta daude, euren egoera iraultzen lagunduko zietela uste baitzuten, baina ikusi dute herritarrak izan garela antolatu eta elkartu garenak, babesa emateko”.

“Hasieran deskonfiantza zen nagusi”

Hilabeteko dinamikak bere erritmoa hartu du eta Bilbo Zaharrean ere bide berari segiko diote. Hastapeneko hartu-emanak gogoan, “hasieran deskonfiantza zen nagusi, gugandik apur bat urruntzen ziren, hitzak neurtzen zituzten… baina pixkanaka irekitzen joan dira eta bizipenez eta ametsez solastatzen gara orain”.