argia.eus
INPRIMATU
Estaturik gabeko herrien IX. Musika Bizian jaialdia
“Elkar ezagutzeaz harago, herrien borrokak eta aldarriak plazaratzeko aukera ematen du jaialdiak”
  • Estaturik gabeko herrien Musika Bizian jaialdiak bederatzigarren edizioa egingo du urriaren 27an eta 28an, Galdakaon. Bost talde igoko dira oholtzara: Euskal Herriko bi, eta Kornuallesko, Britaniako eta Kosovoko talde bana. Urtero moduan, Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak antolatu du egitaraua. Bertako kide Garatz Unamunzagarekin hitz egin dugu; azken bost edizioen prestaketa lanetan aritu da.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urriaren 16a
Eskuinetik hasita, lehenbizikoa, Garatz Unamunzaga, Andra Mari dantza taldeko kidea. Aitzol Zamalloa

Andra Mari dantza taldeak antolatzen du Musika Bizian jaialdia. Zergatik dantza talde batek?

Dantza taldea bagara ere, Galdakaon bertan musika saioak egiten ditugu. Udan egin ohi dugun Folklore Bizian dantza-jaialdiaren edizio batean otu zitzaigun Musika Bizian sortzeko ideia, besteak beste gure antzerako beste hainbat kultura badaudelako munduan, eta ederra litzatekeelako Galdakaori horrelako zerbait eskaintzea. Musika komertzialetik aldentzea erabaki genuen, eta herri jakin batzuetako kulturak hona ekartzen zentratzea.

Eta zergatik estaturik gabekoak herriak?

Herriari erakusteko gure antzerako hainbat herri eta hainbat kultura ere badaudela, zapalduak eta gutxituak direnak. Elkar ezagutzeaz harago, herri horien borrokak eta aldarriak plazaratzeko parada eskaintzen digu jaialdiak.

Oholtzara igoarazteaz harago ere badoa kontua...

Atzerriko taldeentzat aberasgarria izan daiteke haien lana ezagutzera ematea, baina bereziki, uste dut, oholtzatik kanpo gertatzen dena ere badela interesgarria. Eta aberasgarria iruditzen zait ez bakarrik geuretzat. Haientzat ere, Euskal Herriko taldeekin egin dezaketen harremanagatik.

Oholtzaren behean ere hainbat lekutako luthierrak edo instrumentu sortzaileak egongo dira, ezagutzak partekatzen.

Musikaren aldetik erakutsi nahi dugu kultura, eta uste dugu luthierrek ere badaukatela zeresana hor, sorkuntza horietan eurak liratekeelako "primarioak". Lurreko formatu batean, azoka moduan, erakutsiko dira Euskal Herrian ditugun instrumentuak eta sortzaileak batetik, eta bestetik, atzerriko luthierrak eta hain "arraroak" egiten zaizkigun instrumentuak.

Eta umeentzako tailerra emango dute sortzaileek.

Material birziklatuekin instrumentuak egingo dituzte, bai. Adin guztietara zabaldu nahi dugu egitasmoa.

Badakizue ea beste nonbait egiten den halako jaialdirik?

Ez, maila internazionaleko horrelako topaketa edo jaialdirik ez dugu ezagutzen. Gero, egia da, horrelako taldeak eta bilatzeko, haien herrialdeko festibalak-eta kuxkuxeatzen aritu gara, batzuk egiten baitituzte trukaketa batzuk... Baina gisa honetako zerbait, ez.

Bederatzigarren edizioa. Helburuei tinko eusten diozuela berretsi duzue agerraldian.

Festibala sortu zen estaturik gabeko nazioen kulturak elkarbanatzeko eta elkar ezagutzeko. Helburu horrek jarraitzen du, jakina, eta jarraituko du. Aldaketarik ez dut espero.

Herrian ikusgarritasuna irabaziko zenuten, zerbait ohikoa bihurtu da-eta...

Jendeak jakin badaki urriaren amaieran Musika Bizian egon ohi dela, eta badaki ere kanpotik taldeak ekarriko ditugula, instrumentu kuriosoak ikusiko dituztela... Eta jendeari, oro har, kuriositatea sortzen dio hango eta hemengo jendea biltzeak, bandera ezberdinak ikusteak, herri zapalduetako jendea ezagutzeak... Egun ederrak izan ohi dira.