argia.eus
INPRIMATU
Elkanori buruzko Gipuzkoako ipuin lehiaketan Espainiako militarrak sariemaile
  • Joan Sebastian Elkano omentzeko, uztailaren 6an Espainiako Armadak Getarian antolatu duen Zeruertza ekimenaren barruan, ipuin lehiaketa abiatu du Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzak. 14 eta 17 urte bitarteko ikasleei zuzenduta, gonbidapen-eskutitza bidali dute Gipuzkoako ikastetxe guztietara. Saria Espainiako militarrek beraiek emango diete gazteei Juan Sebastian Elcano itsasontzi militarraren barruan.

Axier Lopez @axierL 2019ko ekainaren 14a

Espainiako Gobernuak Gipuzkoako ikastetxeei eskutitza bidali die 14 eta 17 urte bitarteko ikasleak Gipuzkoa eta lehen mundu bira ipuin lehiaketara gonbidatuz. Gipuzkoako Ordezkaritzaren bitartez igorri dute gutuna. Joan Sebastian Elkanoren Mundu Bira ospatzeko Espainiako Gobernua antolatzen ari den ehunka ekimenetako bat da hau. "Elkano edo garaiko beste euskal itsas-gizon (sic) batzuen irudiaren edukiarekin erlazionatuta" egon behar dute aurkeztutako ipuinek.

Lanak jasotzeko epea ekainaren 5ean amaitu zen. Sariak uztailaren 6an Getarian banatuko dituzte Espainiako Armadaren Juan Sebastian Elcano itsasontzian. Espainiako Inperioaren zerbitzura Elkanok egindakoak omentzeko egun horietan Getarian antolatu dituzten ekitaldietako bai izango da. Izan ere, sariek, diplomaz gain, militarren itsasontzi horretan  “bisita pertsonalizatua” jasoko dute.

Elcano, Espainiaren itsas-enbaxadorea

Juan Sebastian Elcano ontziak, militarren eskola izateaz gain, Espainiaren ordezkari lanak egiten ditu munduan barrena, Espainiaren enbaxada lanak eginez. "Disziplina, laguntasuna, balentria eta patriotismoa dira itsasontzi honetan lantzen diren bertuteak", Espainiako Itsas Infanteriaren Komandante izandako Juan Chicharroren hitzak dira. Egun Francisco Franco Fundazioaren burua da Chicharro.

Egun Baltikoko uretan dabil Elcano ontzia. Ekainaren 19an Alemaniako Kiel hirira helduko da eta asteburu horretan itsasontzian meza eta Espainiako banderaren zina egingo dituzte, ondoren zina egingo dutenei eta beren lagunei “ardo espainiar” kopa bana eskainiko diete.