argia.eus
INPRIMATU
Elkanori buruzko euskal filmari kritika gogorrak Filipinetan, konkistatzaileak zuritzeagatik
  • Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak, EiTBk eta Espainiako Gobernuak diruz lagundutako Elkanoren mundu birari buruzko filma Filipinetan ez dela ongi etorria salatzen ari dira milaka lagun. Elkano eta Magallaesen espedizio armatuak Espainiako kolonialismoaren lehen mugarria ezarri zuen Filipinetan. Hango herritarrek ez dute ahaztu, umeentzako animaziozko filmaz mozorrotu badute ere.

     

Axier Lopez @axierL 2019ko azaroaren 07a
Filmaren karatularen gainean "kolonizatzaileak" idatzita zabaldu dute sarean. Elkano erdian eta Magallaes eskuinean.

Angel Alonso pasaitarraren zuzendaritzapean, Debulitoon eta Barton Films ekoiztetxeen eskutik sortutako filmak lehorreratze ezin okerragoa izan du Filipinetan. Sarean eragindako zalapartak hango hedabide nagusietara egin du salto. Kritikaren oinarria hauxe da: Espainiako Inperioaren kolonialismoaren lehen protagonistak –Elkano eta Magallaesen espedizioko kideak– heroi gisa aurkezten ditu umeentzako animaziozko filmak.

Joan Sebastian Elkano getariarra omendu eta berak egindakoa ospatzeko eta gogoratzeko EAEn eratu duten Elkano Fundazioa izan da film honen sustatzaile nagusia Euskal Herrian. Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hainbat zinematan eskaini ondoren, orain beste zenbait herrialdetan ere ematen hasiko dira. Filma Europako zirkuitotik ateratzen den lehen unean piztu dira kritikak.

Orain 500 urte, Magallaes-Elkanoren espedizio armatuak Espainiako Inperiora indarrez anexionatzeko lehen mugarria ezarri zuen, urte batzuen buruan Manuel Lopez de Legazpi zumarragarrak amaituko zuena. Bada, inbasioaren 500. urteurrenaren testuinguruan, Crystalsky Media banatzailearen eskutik, 2020ko urtarrilean Filipinetako zinema aretoetan eskaini nahi dute filma. Edukia eta pertsonaien karakterizazioak ezagutzean, sare sozialetan kritika uholdea eragin du filipinar askok.

"Mesedez, ez babestu, edonola ere, Elkano eta Magallaesen filma. Kolonizatzaileak zuritu eta heroi gisa aurkezten ditu; Magallaesek sufrimendua baino ez zuen ekarri Filipinetara", zioen Twiterreko erabiltze batek.

Beste askok bereziki azpimarratzen dute nola filmak Lapulapu buruzagi filipinarra gaiztotzat aurkezten duen, europar gizon txurien soslai abenturazalearekin kontrajarriz. Lapulapu izan zen lehena filipinetan Elkano eta Magallaes espedizioko konkistatzaileei aurre egiten. Kolonialismoaren aurkako ikurra da Filipinetan, espainiarren aurkako lehen garaipena lortu baitzuen Mactan irlan. Han, Elkanoren espedizioko hainbat kide hil zuten, tartean Magallaes buruzagia bera.

Filmari boikota egiteko deiak ugaltzen ari dira historia manipulatu eta filipinarrekiko errespetu faltagatik. Hona Elkanori buruzko euskal filmak Filipinetan eragin dituen kritiken adibide batzuk ingelesez:

 

 

 

 

 

 

 

 

Elkano, lehen mundu birak historiaz egiten duen irakurketa eurozentristaz artikulu mamitsua argitaratu genuen aldizkariaren 2656 zenbakian : Doktrinamendu inperiala marrazki bizidunetan, Gustau Nerinen eskutik.

Euskal Herrian, Elkano izar bilakatu nahian

Bien bitartean, Euskal Herrian, Elkanori buruzko diskurtso eta ekimen ofizialak guztiz bestelako norabide batean ari dira garatzen. Elkano Fundazioak sustatutako azken ekimena izar bati "Elcano" izena jartzeko saiakera da. Iruñeko Planetarioa eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, Fundazioak izar bati eta haren exoplanetari "Elcano" eta "Victoria" izenak jarri nahi dizkie. Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzaile Rafa Zulaikaren hitzetan, Elkano eta Magallaesek egindakoa “gizateriarentzat garrantzi handikoa izan zenez. hunkigarria litzateke Elkanok zeruan haren tokia topatzea”.