argia.eus
INPRIMATU
Elkanori buruzko telesaila egingo dute, Espainiako Armadako historialarien gidoiarekin
  • Elkano eta Magallanesen mundu birari buruzko fikziozko telesail bat grabatzen hasiko dira urte amaieran, EFE agentziak zabaldu duenez. "Primus" izena izango du, sei atalez osatutakoa. Ekoizleak TVE-rekin harremanetan daude proiektua babesteko.

Axier Lopez @axierL 2019ko otsailaren 15
Juan Sebastian Elkano irudikatzeko erabiltzen den erretratuetako bat. Hau bezala, denak asmatutakoak dira.

Oraindik negoziazio fasean badago ere, proiektua 2019ko amaieran abiatuko dela iragarri dute. Ia 12 milioi euroko aurrekontua aurrikusten du telesailaren gidoilari eta ekoizpen-zuzendari Sergio Cabrera kolonbiarrak. Cabrerak argitu duenez, Elkano eta Magallanesi buruz zer mezu eskainiko duten erabakitzeko, Espainiako Armadaren historialariekin elkarlanean aritu dira gidoia osatzeko.

Espainiako Armada eta Kultura Ministerio dira Elkanoren Mundu Biraren V mendeurreneko ekitaldien sustatzaile nagusiak Espainiako Estatuan. Elkano eta munduari bira eman zioten gainerako mertzenarioek egindakoa "Espainiako Armadak inoiz egin duen balentriarik handiena" dela zabaltzeko lanean ari dira.

“Espainiako Armadako heroi” Blas de Lezo pasaitarraren bidetik

Espainiako Inperioaren zerbitzura aritutako beste euskal herritar baten bizitzari buruzko proiektu batean lanean aritu zen Sergio Cabrera: Blas de Lezo pasaitarrari buruzko telesail bat. Egun proiektu hori geldiarazita dago eta, hain zuzen, horren gabezia adierazi du berriki VOX alderdi ultraeskuindarreko eledun Santiago Abascalek. "Nola edo hala espainiarrek" Blas de Lezo almiranteari buruzko film bat egitea eskatu zuen publikoki. "Mel Gibson bera ere ekarriko nuke, hemengo inor ez badago prest horri ekiteko".  Telesail frustratuaren zuzendariak adierazi zuenez, proiektua "Espainiari buruzko historioa da, jaun espainiar bati buruzkoa, Viriato edo Fernando Katoliko erregearen parekoa. Zer arazo dago?".