argia.eus
INPRIMATU
Elkano izarrik gabe geratu da
  • Mundu Biraren bosgarren mendeurrena eta Joan Sebastian Elkano goraipatzeko Espainiako eta EAEko erakunde publikoek sustatutako ekitaldiek aurrera jarraitzen dute. Oraingoan, ordea, ekimen horietako batek ez du helburua lortu. Unibertsoko izar bati Elcano izena jartzeko ekimena sustatu zuen Elkano Fundazioak, Aranzadi eta Iruñeko planetarioaren laguntzaz. Baina ez dute lortu.

Axier Lopez @axierL 2019ko abenduaren 20a
Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia saileko zuzendari Virginia García, Iruñeko Planetarioko zuzendari Javier Armentia eta Elkano 500 Fundazioko proiektuen koordinatzaile Rafa Zulaika, ekimenaren aurkezpenean azaroaren 4a.

Iruñeko Planetarioa eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, Elkano Fundazioak HD 149143 izarrari eta haren exoplanetari Elcano eta Nao Victoria izenak jarri nahi zizkieten. Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzaile Rafa Zulaikaren hitzetan, Elkano eta Magallaesek egindakoa "gizateriarentzat garrantzi handikoa izan zenez, hunkigarria litzateke Elkanok zeruan haren tokia topatzea".

Urria eta azaroa bitartean hainbat izenen artean hautatzeko aukera eskaini zuten Nombra Exoplanetas webgunean. Bozka gehien lortu duten hautagaietatik kanpo geratu da Elcano-Victoria bikotea. Hemendik aurrera izar horrek Rosalía de Castro idazle galiziarraren izena izango du.