argia.eus
INPRIMATU
Elkano eta gu (eta nor gara gu?)

Sonia González @sonetska 2022ko irailaren 05

Rap emanaldi txiki bat eman zuten lagun bik aurrekoan, plazan eta musutruk, herri bazkari xume baten ostean. Kanta batekin gogoratu ziguten herrikide bat, gazte-gazte bat, berriki hila zela. Dirua batu behar zen gorpua jaioterrira itzultzeko. Ai, hori ama hori! semearen azken musuak masaila oraindik erretzen diola jasoko du hilkutxan zerraldo.

Kioskotik harago, Paskual Abaroa, jesarrita, ohorezko tokian, herriko ongile handiari eskerrak ematen dizkion plaka gainean. Ileak laztu zitzaizkidan. Jakaren mahukak jaitsi eta zigarroa poltsatik atera, eztarriko marapiloa ketan itotzeko. 1888an inauguratutako herriko iturriei odola darie oraindino. Abaroa, hainbat herritan goraipatzen diren beste “ongile” batzuk bezala, pertsonak hiltzen, bahitzen, bortxatzen eta saltzen aberastu zen. Ez zituen eskuak zuzenean lohitu behar izan; bankari moduan, seguru bula bat baino gehiago erosi ahal izan zituela bere pekatuak garbitzeko, dirua ahurka biltzearekin batera.

Artikulu hau heltzen zaizuenerako, zuotako batzuek, seguruenik, ikusi ahal izan(go) duzue delako eskultura hori. Aurtengo Antzar Egunean askoz jende gehiago bertaratuko da Lekeitiora. Hilaren 6a jai egun berria dugu: Elkano eguna.

Inork ez du ukatzen Abaroak herria diruz ondu zuenik. Zertarako botere ekonomikoa, ez bada botere politikoa ere lortzeko eta irudi soziala hobetzeko? Sasoi hartan dohaintzak edo donazioak bide bakarra ziren; orain badirudi batzuek “ohitura zahar” hori berreskuratu nahiko luketela. Galdetu, bestela, Amancio Ortegari: zergak denok bezala ordaintzeak ez du aparteko estatusik ematen, herriari “opariak” egiteak bai, antza; areago, beste latitude batzuetan -gure auzokideen jaioterrietan- egindako eskubide urraketak estaltzen badira.

Era berean, inork ez du ukatzen hiru mende lehenago Elkanok egindakoa. Inork ez du eskatzen ordukoak gaurko begiekin epaitzea, testuinguru historiko eta sozial barik. Kontrara, hori aurpegiratzen dutenak dira, hain zuzen, testuingurua nahita ahaztea erabaki dutenak. Historia, gehienek uste ez bezala, ez da aurreko gertakarien gomutapen edo jakintza hutsa; historiak oraina ulertzeko eta etorkizuna aurreikusteko gakoak ematen dizkigu. Norberaren bizitzan bezala, ikasitako guztiak datorrenerako prestatzen gaitu.

Baina bertsio akritikoa erosi eta saldu da instituzio eta erakunde guztietan, adostasun ia erabatekoaz. Zertarako balio du sasoi “gogoangarrien” goraipatze huts eta hutsalak? Zertarako balio du inperio kolonizatzaile honen gesta-kantak notaz nota errepikatzeak? Garaileak historia kolektiboa berriz ere lapurtzeko, garaituak ekuaziotik desagerrarazteko, Afrika eta Ameriketako espoliazioaren eta girgiluen katea -ordudanik ondo luze datorrena- lurperatzeko. Egia osoarekiko erantzukizuna ezin da alboratu apeta ematen digunean.

S eta I, masail banatan erre-izkiriaturik. Sirte Iure: eskubide bakoa. Mendeetan zehar bitarteko ezberdinak, baina beti emaitza berbera, han zein hemen. Bien bitartean, hartu plazera betiko ahaztuak berriro ahazten dituzten gesta-kanta gozatuetan, euskal herritar horientzat guztientzat itzelezko afruntua izan ote daitekeen zeuen buruari galdetu barik. Harakoan defendatzen zen bezala, baliteke gure herrikide horiek minik ez hartzea, baliteke euren azal ilunagoak sentipenak galaraztea eta baliteke, akaso, sakon-sakonean eta gure barne-barnean ez ditugula geure artekotzat aitortzen balizko “harrera herri” honetan. Baliteke.