PP, Ciudadanos eta VOX alderdiek Andaluziako 2019-2020 aurrekontuei begira adostu duten programan azaltzen da "1492: mundu berri bat" ekimena. "Amerikako aurkikuntzari eta ondoren egindako beste balentriei –munduari bira ematea kasu–", garrantzia emateko sortua da, horiek "Espainiako historiaren giltzarri" direlako ultraeskuindarren iritziz.
Magallanesek hasi eta Joan Sebastian Elkano getariarrak burututako espedizio militarra Amerikako konkistaren "garrantziaren" pare ezarri dute Andaluziako aurrekontuetan. Andaluziako PP, Ciudadanos eta VOX alderdiek adostutako aurrekontuetarako itunean 31. puntua eskaini diote gai horri, "Espainiako historian mugarri izan diren balentriak" balioan jartzeko. Amerikari "mundu berria" deitzen diote, konkistari "aurkikuntza", arpilatzeari "harreman komertzialak", jatorrizko herriei "herrialde hispanoak"... hizkera eta ikuspegi inperialistaz jositako hiru paragrafotan.
"1492: mundu berri bat" izenpean, lehen mundu bira eta Amerikako konkista balentria zientifiko, tekniko eta kultural gisa aldarrikatzen dituzte. Hala dio hitzez hitz: "Mundu Berriaren aurkikuntza ekintza berritzaile eta kolonizatzailea izateaz gain, balentria zientifikoa eta teknikoa izan zen".
Amerikako kolonizazioaren eragin txarrak azaltzen dituen "legenda beltzaren" gainetik, programa bat garatuko dute "Espainiako historian eta gizaterian oro har balentria horiek" izan dituzten ondorioak aztertu eta merezi duten lekuan jartzeko.
Elkano Fundazioak Andaluziako Juntarekin elkarlanean
Elkanoren mundu biraren V mendeurrena ospatzeko EAEn sortutako fundazioak 2018ko abenduan aurkeztu zuen bere proiektua Sevillako Sanlúcar de Barramedan. Ikuspegia konpartitzen dutela ikusirik, bidaia horren ostean elkarlanerako zubiak ezarri zituzten Andaluziako Juntarekin (egun PP eta Ciudadanosen esku, VOXen babesarekin). Elkano Fundazioaren arabera, "Elkanoren balentria hark hainbat arlotan eragina izan zuen, industrian, itsas teknologian, elikaduran, nazioarteko merkataritzan edo pentsamenduan eta kulturan".
Hala, elkarlan horren emaitza dira turismoa sustatzeari begirako zenbait ekimen, "Guetaria-Sanlucar de Barrameda ibilaldi turistiko-kulturala" sortzea edo Unai Basurkok Getaria eta Sevilla itsasontziz lotzea iraila eta urria bitartean, esaterako.