argia.eus
INPRIMATU
Cascanteko apaizaren adierazpen xenofoboek eliztarren kexak eragin dituzte
  • "Ez dut ezer musulmanen kontra"... baina mezetara gero eta fededun gutxiago joatea immigrazioarekin lotu du Cascanteko apaiz Jesús Planillo Bartosek, herriko festetan emandako sermoian. Esandakoek eliztarren artean marmarra eragin du, eta abadeak barkamena eskatu behar izan du.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko irailaren 02a

Sare sozialetan zabaldutako bideoan entzun daitekeenez (40. segundotik aurrera), apaiza Andaluziako hainbat parrokiatan ikusitakoez hitz egiten hasi da. "Penaz bueltatu naiz. 15.000 biztanleko herri batean, non hiru ikastetxe eta institutu bat dauden... herritarren %40 musulmana da... eta nik ez dut ezer musulmanen aurka... kontua da orain 40 lagun joaten direla igandeko mezara, lehen eliza betetzen zenean. Penagarria da, ezta? Alboko herrian, ez dira %40, baizik eta %60. Familia osoek auzotik ospa egiten dute, ezin dutelako bertan bizi. Zergatik? Botere publikoek orotariko erraztasunak ematen dizkietelako immigranteei... zeina ongi iruditzen zaidan. Eta nazionalak?".

Apaizaren hitzek marmarra eragin dute elizan. "Ez dut zuek hitz egiterik nahi, elizan gaude", zuzendu zaie abadea. "Ez naiz politikaz ari. Gero esango dute politikaz hitz egiten dudala. Ez, hona ospatzera datorren ama baten bihotzaz hitz egiten ari naiz...". Marmarra eten ez dela ikusita, Francisco Javier Aramendia parrokoa Planillori hurreratu zaio, eta belarrira xuxurlatu. Ostean, barkamena eskatu du Planillok. "Ez dut inor mindu nahi. Nire herria zarete, ez naiz horretara etorri. "Ez naiz lotsatzen xehetasun batzuk esateaz; ez da inor iraintzeagatik, baizik eta Jainkoak bihotza sendatzeko irakasten dizkigun xedapenak irakasteagatik".

Begoñako gotzainaren adierazpen "transfoboak"

Cascanten gertatuak duela bi aste Bilboko gotzain Joseba Segurak Begoñako elizan emandako meza ekarri digu gogora. Birjinaren egunean egindako mezan iruzkin transfoboak egitea egotzi zioten Segurari, Uriola.eus-en irakurri daitekeenez. "Norberak ezin du bere identitatea, izan gizon, emakume, edo bien arteko zerbait, nahi bezala hautatu, jaio garen gorputza dena izanik", esan zuen gotzainak.

Iratxe Uriarte, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko zuzendariak Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Seguraren adierazpenak transfoboak direla salatu zuen, baita halako diskurtsoak “katolizismoak irakasten dituen balioetatik urruntzen” direla, “hurkoa maitatzea”, besteak beste. Horrez gain, gotzainak “Euskal Herrian eta estatu espainiarrean gorakadan dagoen olatu erreakzionarioa babestu eta adierazpen nahiko transfoboak egitea” egotzi zion gotzainari.