argia.eus
INPRIMATU
Elizondoko adinekoen egoitza publifikatu du Baztango Udalak
  • Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 11
Egoitza kudeatzen zuen enpresa pribatuaren eta Patronatuaren arteko interesak \"bateraezinak\" direla iritzita hartu dute erabakia. Argazkia: Idea

Francisco Joaquín Iriarte Elizondoko adinekoen egoitza berriz ere publiko bihurtzea erabaki du Baztango Udalak, egoitzako Patronatuak aho batez hartutako erabakiaren ondorioz.

Pasa den uztailean, orain arte egoitzaren kudeaketa eraman duen enpresa pribatuarekin zuen kontratua etetea onartu zuen, eta orain, erabaki hori aurreratu eta egoitzaren ardura Zaintza Lanak Baztan SL udal merkataritza-sozietatearen esku utzi du.

Patronatuak adinekoen egoitza publifikatzeko erabakia hartu du IDEA enpresa pribatuaren interesak eta Patronatuarenak "bateraezinak" direla iritzita, egoitzan egin beharreko eraberritze lanak direla eta.

Adinekoen egoitza 155 plaza izatetik 99ra igaroko da eraberritze lan horien ondorioz. "Zilegi denez, etekinak areagotzeko helburuarekin IDEAk egoiliar gehiago hartzeko interesa du", azaldu du Baztango Udaleko alkate Fernando Anbustegik. Aitzitik, Patronatuak egoiliar gehiago ez hartzea behar duela argitu du, "2024ko apirilean hasiko baitira egoitza eraberritzeko lanak".

Hori horrela, aurreko kudeatzailearekin kalte-ordain bat adostu ondoren, Zaintza Lanak Baztan SL enpresa publikoak kudeatuko du zentroa azaroaren 1etik aurrera. Gainera, eguneroko zereginez arduratuko den gerentea ere kontratuko du Patronatuaren administrazio-kontseiluak.

Baztango Udalak azaldu duenez, Zaintza Lanak enpresa publikoak bilerak egingo ditu egoitzako langileekin eta egoiliarren senideekin, prozesu guzti horren berri eman eta zalantzak argitzeko.