argia.eus
INPRIMATU
Elizgizonek umeei egindako sexu abusuak ezkutatu dituzte Eliza Katolikoak eta Espainiako Estatuak
  • EHUk eta beste hiru unibertsitatek egindako ikerketa batean azaldu dute bi instituzioek beren errugabetasuna azpimarratu izan dutela erasoen aurrean. Errua elizgizonei egotzi diete, arazo estrukturalak azpiratuz.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 28a
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Universitat Oberta de Catalunya-ko (UOC) eta Universitat de Barcelona-ko (UB) ordezkariak ekainaren 28an egindako aurkezpenean. Argazkia: EHU

Eliza Katolikoak haurrei egindako sexu abusuen aurrean, Espainiako Estatuak eta erlijio erakundeak beren erantzukizuna ezkutatu dute. Jazoerei garrantzia kendu diete, eta gertakari “isolatu” bezala hartu dituzte, errudunak abusugileak direla esanez, instituzioen esku-hartzea ezkutatzeko asmoz. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Universitat Oberta de Catalunya-k (UOC) eta Universitat de Barcelona-k (UB) 2018. urtean abiatutako ikerketaren emaitzak dira horiek. 

2021eko ekainaren 28an Donostian egindako prentsaurrekoan plazaratu dituzte ikerketako ondorio garrantzitsuenak hiru unibertsitateetako ordezkariek. Jornada sobre abusos sexuales de menores en instituciones religiosas: respuestas restaurativas desde la victimología izeneko agerraldian azaldu dute Espainiako Estatuak eta Eliza Katolikoak umeen sexu abusuekiko duten erantzukizunaren aurrean “babes izaera” mantendu eta “arazoa minimizatu” eta “ukatu” egin dutela.

Gertakari “isolatu” bezala tratatu dituzte jazoerak, eta erantzukizuna abusugileengan jarri dute, instituzioen esku-hartzea ezeztatuz. Umeei sexu abusuak eragin dizkietenen “ezaugarri psikopatologikoak” azpimarratu izan dituzte, baina gertaerak ahalbidetu dituzten arazo “estrukturalak” azpiratu dituzte. Ikerketaren arabera, horien artean daude kleroak duen boterea, perfekzio morala, sexualitatea ulertzeko modua, sekretismoa, bakardadea eta bekatuaren eta barkamenaren ideia.

Sexu abusuak jasan dituzten umeak eta nerabeak aurretik “bazterkeria egoera, desabantaila soziala edo desgaitasuna” pairatu zuten pertsonak ziren. Horretaz baliatu ohi ziren erasotzaileak abusuak egiteko. Zenbait kasutan, gainera, biktimei egotzi izan diete errua, eta gerora, instituzio hauek egin dietena salatzeko eta errekonozimendua jasotzeko eskubidea ukatu diete, hainbat traba ezarriz.

Barkamena

Eliza Katolikoak Espainiako elizgizonek adingabekoei egindako 220 abusu kasu onartu zituen 2021eko apirilean. 2001etik honaino hartutako datuak baino ez dira horiek.