argia.eus
INPRIMATU
Eliza barruko sexu abusuen biktimak aitortzeko legea onartu dute Nafarroan
  • Delitua preskribatuta egonik ere, biktimen aitortza bermatuko du legeak. Nafarroako Gobernuko indarrek aurkeztu dute lege proposamena, eta EH Bildu eta Ezkerraren babesa ere izan du. Navarra Sumak, aldiz, kontra bozkatu du.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko uztailaren 01
Biktimek pozik hartu dute legearen onarpena, baina Navarra Sumaren eta Nafarroako Elizaren jarrera kritikatu dute (argazkia: Nafarroako Parlamentua)

Nafarroako Parlamentuko osteguneko saioan elizaren barruan izandako sexu abusuen biktimak aitortzeko foru legea onartu zen, hango indar politiko ia guztien babesarekin. Legea Espainiako Estatuan "aintzindaria" dela azaldu dute sustatzaileek, besteak beste, preskribiturik dauden kasuak ere aintzat hartzen dituelako.

PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk aurkeztu dute lege proposamena eta EH Bilduren eta Ezkerraren babesa izan du. Aldiz, Navarra Sumak kontra bozkatu du. Alderdi horren jarrera gaitzetsi dute sexu abusuen biktima izan diren kideek: inuitaz jantzita azaldu ziren osteguneko parlamentuko saiora, Navarra Sumako kide batek haien egoera inuitek jasandakoarekin konparatu eta gero, sexu abusuen fenomenoa orokortu eta garrantzia kenduz.

Iruñeko Artzapezpikutzaren jarrera ere deigarria izan da. Navarra Sumak egin bezala, legeak "arlo guztietako biktimak" babestu beharko lituzkeela esan du: "Beste batzuk ezin dira aitortu gabe geratu apaiz batek eraso ez dituelako". Elizako eta eskuineko sektore askotan darabilten diskurtsoari heldu dio hortaz: biktimarioaren ideia erlijiosoak daudela jo-mugan eta erasoa bera.

Legeak urte askoan ezkutaturik izan diren sexu abusuak "oroimen kolektibora gehitzea" du helburu, auzitegietan izan daitezkeen jarduerak oztopatu gabe. Horretarako batzorde bat sortuko dute bederatzi adituz osatua, testigantzak aztertu eta biktima izaera aitortu edo ez erabakitzeko. Artzapezpikutzak jadanik jakinarazi du ez duela batzorde horretan parte hartuko.