Espainiako Gotzainen Batzarraren izena daramaten kartelak agertu dira Askabide klinikaren ondoan: "Orain abortatzen baduzu, zer joko dugu larrutan hemendik 5 edo 6 urtetara?".
Espainiako Gotzainen Batzarrari kritika egiten dioten kartelak agertu dira Donostiako markesina eta mupietan, Askabide klinikaren ondoan. Egilea ez da ezagutzen. Fetu baten irudia du eta honako testu hau irakurri daiteke: "Orain abortatzen baduzu, zer joko dugu larrutan hemendik 5 edo 6 urtetara?".
Testuak azken urteetan salatutako elizaren pederastia kasuei egiten dio erreferentzia. Kartelaren behealdean Espainiako Gotzain Batzarraren logoa dago itsatsita.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakitera eman duenez, langileak jada hasi dira kartel horiek kentzen.
Talde ultra katoliko batek kanpaina hasi du
Bestalde, talde ultra katoliko batek abortatzeko eskubidearen kontrako kanpaina jarri du martxan. Berrogei egun bizitzaren alde lelopean haurdunaldia eteten duten zentroen inguruan kanpaina egiten hasi dira. Donostian ez ezik, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko hainbat hiritan ere protestarako deia egin du.
Askabide klinikaren aurrean elkartu izan dira sarritan, baina abortuaren lege berrituaren ondorioz debekatuta dago klinika hauetako langileak eta kliniketara doazen emakumeak jazartzea. Legeak behartzen die gutxienez 100 metrotara egitea protesta. Hortaz, oraingo deialdia ez dute Askabideren aurrean egin.