argia.eus
INPRIMATU
Elizara bazoaz, isunik ez
  • Ertzaintzako zuzendaritzak barne ohar bat zabaldu du polizien artean, esanaz zeremonia erlijiosoetara joaten utzi behar dietela herritarrei. Poliziek "gomendatu" beharko diete ez joateko, "osasun arrazoiengatik". Baina fededunak asmoari eusten badio, agenteek utzi egin beharko diote. Ertzainen artean gehiengoa duen Erne sindikatuak "disparate hutsa" iritzi dio.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 21

Erne sindikatuak eman du horren berri apirilaren 10ean, beraz, Aste Santu eta ramadanaren aurretik bidali zien Ertzaintzako zuzendaritzak barne oharra agente guztiei. Sindikatuak jakitera eman duenez, ohar horretan esaten da ertzainek utzi egin behar diotela fededunei ospakizun erlijiosoetara joaten. Baina "gomendatu" beharko dietela ez joatea.

Ertzain asko egoera hauetan nola jokatu jakin gabe dagoela irakur daiteke bertan, "jarraibideak ez baitira argiak". Konfinamendu neurriak hain zorrotzak direnean otoitzerako tenpluetara joan ahal izatea "disparate hutsa" dela esan du Ernek.

Baserritarren artean hainbat metro, fededunen artean metro bat

Kontraste handia da alarma egoeraren ondorioz, "jende pilaketarik" ez sortzeko sektore batzuetan eta besteetan hartzen ari diren neurrien artean. Pello Zubiriak artikulu honetan kontatu zuenez, Tolosako Azokan baserritarrek elkarrengandik urrunduta egon behar dute eta erosleek eskuak garbitu behar dituzte sartzerako, eskularruak eta maskarillak jantzi.

Aldiz, edozein otoitz zentrotara doan herritarrarentzat hauxe da Erneren albistean irakur daitekeen neurri bakarra, "jende pilaketak" saihesteaz gain: fededunen artean metro bateko tartea egon beharko dela.