Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.
Duela urtebete heldu zen Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako apezpiku kargura Florencio Roselló. Ardurak hartu zituen ekitaldiaren ingurumarian, Prisa komunikazio talde espainiarrari emandako elkarrizketan barkamena eskatu zuen, "bihotz-bihotzez eta itxura ona ez emateagatik", Nafarroa Garaian ezagutarazi ziren Elizako sexu abusu kasu batzuen harira. "Maila guztietako erreparazioa" emateko konpromisoa adierazi zu Rosellók, batzuk laguntza "psikologikoa" eta "espirituala" beharko zutelako, eta beste batzuk, aldiz, kalte-ordaina.
EFE albiste agentziak otsailaren 28an argitaratu du Rosellóri egindako elkarrizketa. Kargu hartze ekitaldian esandakoa berresten duela adierazi du, "jakitun izanik kasu guztiak preskribatuta daudela". Alegia, judizialki ez dagoela "inolako ibilbiderik", artzapezpikuaren esanetan, baina "konpromiso morala" duela Elizak, eta gainera, Rosellók berak "iniziatiba" duela, "biktimei aitortza egiteko".
23 abusu kasu
Guztira, elizbarrutietan eta kongregazioetan, 23 abusu kasu onartu dituzte Nafarroa Garaian. Horiei kalte-ordaina ordainduko diete. Erasotzailea apaiza zen kasuetan, ordaintzeko ardura artzapezpikutzak hartuko du, eta Elizaren funtsetatik egingo da; eta erasotzailea "erlijiosoa" zen aldietan, berriz, kongregazioek hartuko dute ordaintzeko ardura. Ez dute zehaztu noiz egingo diren kalte-ordainen pagatzeak, eta ez dituzte zenbatekoak finkatu ere egin. "Zuzenbide Penalean ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira", Rosellóren arabera.