argia.eus
INPRIMATU
Elizako erakundeak eta arduradunak ikertu nahi ditu Espainiako Fiskaltzak, pederastia kasuengatik
  • Espainiako Estatuan momentu honetan 147 ikerketa daude auzitegietan, Eliza barruan izandako sexu abusuengatik, horietatik %67 2000. urtea baino geroago gertaturiko kasuak dira. Fiskaltzak bere urteko txostenean azaldu duenez, eliz erakundeen "erantzukizun zibil subsidiarioa" aztertu beharko litzateke, arduradunek delituak estali dituzten zantzuak baldin badaude.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko irailaren 08a
Donostiako apezpikuaren kargu hartzea Donostian 2022an. Hego Euskal Herrian gutxienez dozena bat eginbide bideratu dira auzitegietara, Eliza barruko sexu-abusuei loturik. Argazkia: Donostiako Elizbarrutia

Eliza barruko abusatzaileen eta bere konplizeen zigorgabetasuna, oso pixkanaka bada ere, amaitzen ari da, edo hori da behinik behin Justiziaren eremutik datorrena. Espainiako Estatuko Ministerio Publikoak fiskalei eskatu die aztertzeko pederastia kasuetan "akusazioa zabaldu" behar den Elizako erakunde eta arduradunengana.

Urtero egiten duen memorian, Estatuko Fiskaltzak dio sexu abusuak "estaltzeko jokabidea" izan dutenengana luzatu beharko litzatekeela akusazioa, "erantzukizun zibil subsidiarioa" egon litekeelako. Hala, jomugan jarri ditu Elizako kongregrazio, ikastetxe eta bestelako erakundeetako goi arduradunak.

Bide hori irekiz gero, jauzi bat litzateke, gaur egun oraindik Espainiako Estatuan apezpiku bakar bat ere ez baita jarri epailearen aurrean. Areago, oraingo sententzia gehienek erasotzailera mugatu dituzte zigorrak, ia kasu gehienetan Elizarekin lan-harreman zuzenik ez zutelako.

Hamabi eginbidetik hamar artxibatuta, Hego Euskal Herrian

Fiskaltzak 2022an ardura hartu zuen auzitegietan diren Elizako pederastia kasuei buruzko ikerketak koordinatzeko, eta horretarako informazioa eskatu zien lurraldeetako fiskalei.

Hego Euskal Herrian hamabi eginbide judiziali buruzko datuak daude, baina horietatik hamar artxibatu egin dira, delituek preskribitu egin dutelako, abusatzailea hilda dagoelako edo gertakariak frogatzerik ez dagoelako

Memoriaren arabera, 147 ikerketa eta aurretiazko eginbideren datuak jaso ditu Fiskaltzak oraingoz Espainiako Estatuko erkidegoetatik, gehienak Madrildik eta Kataluniatik. Hego Euskal Herrian hamabi eginbideri buruzko datuak daude, baina horietatik hamar artxibatu egin dira, delituek preskribitu egin dutelako, abusatzailea hilda dagoelako edo gertakariak frogatzerik ez dagoelako.

Fiskaltzaren memoriak emandako beste datu nabarmen bat: ikertu diren edo eginbidean dauden kasuen %67 2000. urteaz geroztikoak dira eta soilik %33a dira 1990. urtea baino lehenagokoak. Bestetik, orain arte epaitegiek emandako 20 sententzien artetik 19tan kondena ezarri zaio pederastari eta soilik akusatu bakarra absolbitu dute.

Salaketa asko ez dira fiskaltzetara zuzenean iritsi, baizik eta biktimen bulegoen bidez. Nolanahi ere, fiskalak aitortu du datu partzialak direla eskuetan dituenak, halako prozedurentzako berezko erregistrorik ez dagoelako eta, gehienak soilik 2021ean eta 2022an jasotako testigantzetan oinarrituta daudelako, denbora oso laburra bere ustetan.