argia.eus
INPRIMATU
Elizak matrikulatu gabeko 3.000 ondasunen jatorria ikertu nahi du Nafarroako Gobernuak
  • Ondasunak identifikatu ostean, erreklamazio eta berreskuratze prozesua hasiko du aurten, eta udalerriei laguntza eta babesa eskaintzeko bulegoa sortuko dute.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 12a

Jose Maria Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Amparo López Herrizaingo, Funtzio Publiko eta Justiziako kontseilariak konpromisoa hartu dute 2024an Nafarroako Eliza Katolikoak immatrikulatutako herri-ondasunak identifikatzeko lanei berriro ekiteko. Iazko legegintzaldian erregistratu gabeko ondasunen inbentarioa egin zuten, eta orotara, 2.952 ondasunen zerrenda aurkeztu zuten: ermita, etxe, eraikin, baratze, orube, lokal eta beste ondasun batzuen artean.

Aierdik adierazi du prozesua “aurrekontua onartu eta berehala” hasiko dela, baina 2024ko aurrekontuen aurreproiektuan, EH Bilduk berariazko zuzenketa bat proposatu du: ikerketan aurrera egiteko kanpoko laguntza tekniko bat formalizatu ahal izatea. Lopezek, berriz, azpimarratu du iaz “lizitazio” bat hasi zutela ikerketa hori egiteko, eta herri-ondasunak defendatzeko eta berreskuratzeko administrazio eskumena toki-erakundeei zegokiela berretsi du.

EH Bilduko Arantxa Izurdiagak adierazi du prozesu judizial konplexu eta luzeetan amai dezaketen kasuak direla, eta udalek ez dutela “aurrera egiteko gaitasun nahikorik”. Azpimarratu du beharrezkoa dela proiektua Nafarroako Gobernuak gidatzea, eta bulego bat sortzea eskatu du, udalei zerbitzu tekniko, juridiko eta historikoa emateko, eta beraz, berreskuratze-prozesu horietan laguntzeko. Izurdiagaren ustez, hori Justizia Sailaren eskumena izan behar da, eta ez Landa Garapenarena.