argia.eus
INPRIMATU
Elizak burututako abusuengatik, Irlandak barkamena eskatu die haurrei eta emakumeei
  • Mother and Baby Homes Commision of Investigation (Amen eta Haurren Etxeen inguruko Ikerketa Batzordea) erakundeak gauzatu du ikerketa. Aztergaiak agerian utzi ditu Elizaren menpeko harrera etxeetan haurrek eta emakume ezkongabeek zein alargunek jasandako bizi baldintza eskasak eta utzikeriak.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 13a
Argazkia: Euronews

Eliza katolikoaren esku ziren Irlandako hemezortzi harrera etxeetan emakumeei eta adingabeei egindako abusuak sistematikoak eta eztukutukoak izan zirela berresten duen ikerketa argitaratu dute urtarrilaren 12 honetan Irlandan. Elizaren menpeko harrera etxe hauetan 1922 eta 1998 urteen artean 9.000 adingabe hil zirela azaltzen da txostenean; eta haurrek eta emakume ezkongabeek zein alargunek jasandako bizi baldintza eskasak eta utzikeriak argi gelditzen dira.

Sexu indarkeria fisikoaren ebidentziarik ez badute jaso ere ikerketan, argi gelditzen da emakumeek eta umeek jasandako "abusu emozionalak" ohikoak zirela.

Berehala, bertan jasotakoengatik barkamena eskatu zuen Micheal Martin Irlandako lehen ministroak. Biharamunean berriro, Dublingo Parlamentuan egindako hitzartzean berriro luzatu du barkamen eskaera.

Abusu hauei buruzko egia jakiteko bidea ireki zuten 2014an. Urte horretan Catherine Corless historialariak Tuam herriko Bon Secours mojen etxea bizileku zuten ia 800 haurren heriotza agiriak aurkitu zituen, baina, aldiz, soilik haietako biren lurperatze agiriak. Komentuaren lurretan egindako indusketa lanetan ehunka gorpuzki topatu zituzten lurpean. Eliza katolikoaren gehiegikeri hauek argitzeko bidean, ezinbestekoa da Mother and Baby Homes Commision of Investigation (Amen eta Haurren Etxeen inguruko Ikerketa Batzordea) erakundeak plazaraturiko txosten hau.

2.865 orriko txostena, sei urteko ikerketa lana

Mother and Baby Homes Commision of Investigation (Amen eta Haurren Etxeen inguruko Ikerketa Batzordea) erakundeak gauzatu du ikerketa, 2.865 orrialdeko dokumentuak sei urteko ikerketa eta galdeketa biltzen ditu.

Azterlana hemezortzi harrera etxeetan oinarritu da, 1922tik 1998ra orotara 56.000 emakume eta 57.000 haur inguru hartu zituzten guneetan. 1998an itxi zuen honelako azken gunea. Aztergaiak agerian utzi du, erakunde hauetan haurrek eta ama ezkongabeek jasaten zuten bizi baldintza eskaxak, desnutrizioa eta gaixotasunak izaten ziren ohikoenak. 

Txostenaren arabera, 1945 eta 1946 urteetan, esaterako, 9.000 adingabe hil ziren erakundeetan. Desnutrizioa eta gaixotasunak ohikoak zirela dio, heriotza tasa oso handia zen: 1945 eta 1946 urteetan, adibidez, ama ezkongabeen haur jaioberrien heriotza tasa Irlandako batez bestekoaren ia bikoitza zen.