Frankismo garaiko Hipoteka Legea baliatuz, Elizak bere izenean jarri dituen Bilboko ondasunak eskatzeko saiakera hasi dute EH Bildu eta Goazen Bilbaok. Datorren astean aurkeztuko diote mozioa Udal Gobernuari. Eusko Legebiltzarrak gaiaren inguruan landutako txostenaren harira dator eskaria.
Olabeagako Santa Ana eta Abusuko Artzain Onaren elizak Eusko Jaurlaritzak landutako zerrendan ageri dira. “Auzia oso lotuta dago Eliza Katolikoak izan dituen pribilegioekin”, azaldu du EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek Info7 irratian.
Elizak ondasun horiek berreskuratzeko aukera izango lukeela azpimarratu du Fatuartek: “Bilboko elizbarrutiak ondasun horiek berriz ere bere izenean jartzeko zilegitasuna izango luke, baina bestelako prozedura jarraituta, eskualdatze publikoko zergak ordainduta, esaterako”. Bestalde, zinegotziak argitu du mozioa ez dela “Eliza Katolikoaren kontrako afera”.
Elizak frankismo garaitik datorren Hipoteka Legea baliatu izan du ondasunak bere izenean jartzeko. Ostera, 1998an, Jose Maria Aznarrek legea moldatu zuen. Ordutik, erlijio eraikinak ez ezik, frontoiak eta gisakoak ere bere egin ahal izan ditu Eliza katolikoak.