Eliza Katolikoaren barruan gertatutako sexu abusuen biktimak aitortuko dituen Espainiako Estatuko lehenbiziko legea izango da Nafarroakoa. Zirriborroan jasoa dagoenez, biktimen eskaerak baloratuko dituen batzordea osatuko da, zeinak azaleratutako pederastia kasuak jasoko dituen txostena plazaratuko duen urtero.
Legearen helburuak dira sexu abusuen biktimei aitortza agertzea, delituak argitzea eta "memoria kolektibo, demokratiko eta kritikoa" bultzatzea. Espainiako Estatuan aitzindari izango den legeak biktima asko lehenbizikoz hartuko ditu kaltetu gisa, azken urteetan euren kasua plazaratu duten pretsona gehienak ez baititra juridikoki horrela aitortuak izan, delituak preskribatu egin duelako. Nafarroan gertatuak hartuko ditu aintzat legeak.
Legebiltzarreko talde guztiak ari dira lege-proposamenaren zirriborroaren gainean lanean, eta uda aurretik onartzea espero da. Talde guztiek babestu dute legea, Navarra Sumak izan ezik, baina aurkako iritzirik ere ez du azaldu, El País egunkariak azaldu duenez, Migrazio Politika eta Justizia Departamentuko ordezkari baten hitzak oinari hartuta.
Aitortza-eskaera egin nahi dutenek Delitu Biktimen Laguntzarako Bulegora jo beharko dute, besteak beste sexu delituak artatzen dituen erakundera. Hura osatzen duten psikologo, gizarte langile eta arlo juridikoan adituek bideratuko dituzte pederastia kasuak, eta hitz egingo dute –konfidentzialki– kaltetuekin. Aurrez aurreko arretaz gain, beste bi bide ere ireki dituzte: 848423376 telefono zenbakia, eta ofidel@navarra.es posta elektronikoa.