argia.eus
INPRIMATU
Eliza Katolikoak 1.122 ondare erregistratu zituen Euskal Herrian José María Aznarren legealdian
  • José María Aznarren legealdian (1998 eta 2015 artean) Elizak immatrikulatutako ondasunak erreklamatzeko bidea zabaldu du Espainiako Gobernuak.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 19a

Aznar Espainiako presidente zela, Elizak bere alde erregistratu zituen ondareen zerrenda publikatu da aste honetan. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan 1.122 ondasun izan dira guztira. Kontsulta publikoan dago zerrenda, jabetza eskubideak dituztela uste duten pertsonek erreklamazio prozesuak ahalbidetzeko. ElDiario.es komunikabideak zerrenda eskuragarri jarri du bere webgunean.

Nafarroako kasuan 1.034 izan dira Elizak immatrikulatu dituen ondasunak, 1998tik 2015era arte. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan, hiru lurraldeak batuz, 88 ondasun erregistratu zituen Elizak. Euskal Herriari dagokionez, 913 gurtza tenplu eta alboko eraikinak dira, eta beste 209ak, lur, etxe edo bestelako ondasunak. Nafarroan 887 gurtza tenpluak eta 147 bestelakoak. Beste hiru lurraldeetan aldiz, 26 gurtza tenpluak eta 62 etxe, lur edo bestelakoak.

Hipoteken Legea

Aznarren PPk bultzatutako legeak, eraikinak, apartamentuak edo finkak bere izenean erregistratzeko aukera eman zuen, eliza-ziurtagiri bakarrarekin. Frankismoaren ondoren legeak baliogabetzeko epea ireki zen, baina 1946ko Hipoteken Legea ez zen inpugnatu eta indarrean jarraitu zuen. Aznarren gobernuak Hipoteken Legea berriztu zuen eta gurtzeko tenpluak ere immatrikulatzeko aukera eman zion Elizari. Legea 2015era arte izan da indarrean. Aste honetan publikatutako zerrendan, 1998-2015 bitarteko immatrikulazioak bakarrik ageri dira, frankismo garaikoak ez dira sartzen zerrendan.