argia.eus
INPRIMATU
Eliza katolikoa eta sexu abusuak: isilpean egon diren bi kasu epaitegietara
  • Juan Kruz Mendizabal apaizaren kontrako lehen salaketa aurkeztu dute Donostiako epaitegietan, sexu abusuengatik. Horrez gain, Bizkaiko Lurralde Auzitegian epaituko dute Gaztelueta Opus Deiko ikastetxeko irakasle ohia, ikasle bati sexu erasoak egitea leporatuta.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 26a

Gipuzkoako Fiskaltzak adierazi duenez, Mendizabal Donostiako bikario ohia salatu dute auzitegian. Urtarrilaren 12an hartu zuen Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzainak bulegoan Mendizabalen abusuak jasan zituela adierazi zuen azken gizona, eta hura izan da salaketa jarri duena.  

Aurretik ere apaiza salatu zuten bi gaztek, 2001ean eta 2005ean jasandako erasoengatik. Gaia isilean eraman du Elizak, bi gazteek euren kasua jendaurrera ateratzea erabaki duten arte. Gotzainak adierazi du “Mendizabal eliz zuzenbidearen arabera epaitu beharko litzatekeela”, ohiko justiziarekin “bateragarria” delako, eta “delituen iraungitze datak luzeagoak direlako”. Fiskaltzak, bestalde, ikerketa abiatu zuen kasu horien berri izan zuenean.

Gaztelueta Ikastetxeak delitua estaltzera jo duela dio biktimaren aitak

Leioako Gazteluetako ikasle batek irakasle bat salatu zuen 2015ean, sexu erasoak egitea leporatuta. Bizkaiko Lurralde Auzitegian epaituko dute kasua otsailaren 14an. ElDiaro.es egunkariak elkarrizketa egin dio haren aita den Juan Cuatrecasasi.

Azaldu duenez, “biktimaren familiak ez du etsiko abusuak publikoki onartu eta errudunak kondenatzen diren arte”. Izan ere, ikastetxeak hainbat ikasle eta irakasle bultzatu zituen salaketa ukatzen duen dokumentu bat sinatzera, Cuatrecasasek adierazitakoaren arabera. Haren ustez, Gazteluetak eskura zituen bideak erabili ditu “irakasleak egindako delitua estaltzeko”, jarrera “tranpati eta axolagabea” izan du, eta “katolizismoak berez dituen baloreen aurka jokatu du”.   

Horrez gain, Opus Dei erakundearen, Espainiako Elizaren, Bilboko gotzainaren eta Espainiako Apezpiku-batzarraren jarrerak ere erabat hutsalak izan direla adierazi du Cuatrecasasek. Zentzu horretan, otsailaren 14ko epaitetan “justizia egitea” espero duela esan du, eta “instituzio guzti horiek isildu dutena publikoki onartzea".