“Oraingoan, ezberdina da” zioen, fede baino borondate gehiagorekin agian, Europako Parlamentuaren web orri ofizialak aurtengo hauteskundeen aurkezpenean. Lisboako Itunaren ebazpenak aintzakotzat hartuz egindako lehendabiziko bozketak zirela azpimarratzera zetorren burutazioa eta, bidenabar, Batzordearen eraketan benetako eskumenak izango zituen Legebiltzarra osatuko dela oraingoan. Europar Batasuna, nolabait, supra-estatu federal modukoa itxuratzeko abiapuntuan geundekeela, alegia, eta aspalditik gainbehera datorren egitasmoa berriro suspertu daitekeela.
Ez dirudi iragarpena bete dela esan daitekeenik. Duela bost urtekoen ildo berberean, areagotuta, jazo dira 2014ko hauteskundeak: gehiengoaren indiferentzia edota etsipenarekin uztartuta, erabakigarriagoak izan dira lekuan lekuko dinamikak “Europa guztiko” joerak baino, baldin eta ez badugu hauen artean, hain zuzen, Batasunaren aurkako joera gero eta indartsuago hori (UKIP, Frantziako FN, Danimarkako DF, Austriako FPo, eta abar...) ipintzen. “Oso bestelako Batasuna” posible izan behar lukeela deritzoten ezkerreko indarren gorakada gaineratzen badiogu, euro-stablishmentak pozik egoteko motiborik ez daukala ondoriozta genezake.
Hortxe dago koska, ordea. Zuzena ote da gaur egun Batasunaren aldeko eliteez mintzatzea? Europar Batasuna elite horien sorkuntza izan da, oraindaino. Herritar oinuts gehienen onespenarekin hasiera batean, eta askotxoren indiferentzia erretxinduarekin gero. Orain ordea, Batasun horretan fedea dutenek ez dituzte haren egiturak eta politikak irensten. Eta aginpidea dutenek, ez dute Batasun honetan baino sinesten.