argia.eus
INPRIMATU
Elikagunea: Egunerokoa bertakoa jatea denean
  • Irudikatzen al dugu herri bat, saskia hartuta erosketetara ateratzean, eskutan hartutako guztia bertakoa bagenu, etiketari begiratu beharrik izan gabe, edo saltzaileari galdezka ibili gabe? Herri osoa ez, baina plaza bada horrelakoa Azpeitian. Baserritarren azoka erdian kokatuta, denda honek bertako jeneroa soilik saltzen du: haragi, fruta, barazki, esneki, zereal... eta jateko prest dauden platerak. Ehundik gora ekoizleri erosten diete, gehienei zuzenean, eta erosketa zerbitzua eskaintzen diete herriko ikastetxe, haurreskola eta zahar-etxeko jangelei. Pozik dira, haien sorrerako helburuan urratsak ematen ari direlako: landa eremua bizirik izateko, ekoizleen bizia bideragarri izatea. Elikaguneak bertako produktuen kontsumoa handitzea lortu du. Hainbeste, ezen Azpeitian produktu berriak ekoizteari ekin dioten hainbat baserritarrek, herritarren eskaerak bultzatuta. Eta Nafarroatik ekarri behar baitituzte produktu asko, bailarako baserritarrenak agortuta.

ARGIA @argia OlatuKoop sarea @olatukoop 2021eko maiatzaren 12a

Dendan aurkituko duzun guztia bertakoa dela. Horra Elikagunearen bereizgarria. Baina zeri esan “bertako”? Azpeitia erdigunetzat hartuta, 150 kilometroko erradioan ekoiztutakoa definitu zuten bertakotzat herriko eragileek, Udalaren ekimenez Azoka plaza eraberritzeko prozesuan parte hartu eta Elikagunea dendaren ideia landu zutenean. Dendaren eguneroko martxa Artxara kooperatibak darama, eta eragileek jarritako 150 kilometroko erradio horren barruan, Euskal Herrira murriztea erabaki zuten. “Kooperatiban marra gorria argi izatea beharrezko ikusten genuen, bestela, proiektua desitxuratu egingo zelako. Kanpoko produktuak eskainiz gero, non dago muga?”.

Lehengai bakarreko produktuetan Euskal Herrian ekoiztutakoa izan behar du Elikagunean saltzeko, eta elaboratutako produktuen kasuan, gutxienez lehengaien %50ak izan behar du Euskal Herrikoa. “Adibidez, marmelada baten kasuan, batzuetan %45 azukrea izan daiteke (kanpoko produktua), baina marmelada hori egiteko erabilitako fruitu edo barazkiak, Euskal Herrikoa izan beharko luke”.

Horregatik, Elikagunean inoiz ez dugu aurkituko laranjarik, ez platanorik, ez txokolaterik, ez kaferik, ez azukrerik… denda lehen aldiz zabaldu zuten garaian jende askok galdetzen zien gure etxeetan egunerokoak diren produktu horiez, baina otsail honetan bete ditu hiru urte Elikaguneak, eta kideek azaldu digutenez, “jendeak jada ohitura hartua du, badaki zer den bertakoa eta zer ez, eta ez dute eskatzen bertakoa ez dena”. Alderantziz ere maiz gertatzen dela azaldu dute: jendea harritu egiten dela Euskal Herrian zenbat gauza ekoizten den ikusita: “Bertakoa saltzen omen duzue, baina arroza badaukazue? Galdetzen digute eta guk erantzun: bai, arroza Nafarroan ekoizten da”. Eguneroko erosketaren bidez heziketan eta jakintzan eragiten ari da Elikagunea.

Hiru urteotan Artxara kooperatibaren zenbakiek ere adierazten dute proiektuaren arrakasta: hiru langile hasi ziren eta egun sei langile bazkide dira, zazpigarren langile bat ere ari da eta bazkide kontsumitzaileak diren 300dik gora etxe biltzen ditu. Bazkideak baditu bere abantailak: deskontuak, ikastaroetan parte hartzeko lehentasuna, urteko batzarrean parte hartzeko aukera…

Arrakastaren arazoa

“Eduki dugun arazorik handiena produktu falta izan da. Ongi hasi ginen, baina bolumenak handitu ahala, ezin genuen eskaera inguruko produktuekin asetu. Gure eskualdea eta baita Gipuzkoa hartuta ere, eskaria handiagoa da ekoizten dena baino”. Gertuen dauden ekoizleei hartzen diete gai bakoitza eta bailaran falta duten produktu horietako asko Nafarroatik ekartzen dituzte. Eskaerak bultzatuta, inguruko ekoizleak haien ekoizpena egokitzen ari dira: “Batzuek produktu berriak ekoizteari ekin diote, beste batzuek produktu berriak eraldatzeari, haragia ekartzen digun baserritarrak moldaketak egin ditu ekoizpenean, barazki ekoizle batzuekin egutegia zehaztu dugu eskari horri erantzun ahal izateko…”.

Norberak jartzen dio bere lanari prezioa

“Ahalik biderik laburrenak erabiltzen ditugu produktu horiek eskuratzeko: kasu gehienetan zuzenean ekoizleekin egiten dugu tratua”. Ekoizleekin tratua egiten dutenean, ez direla prezioa adosten hasten esan dute: “Ekoizlea da prezioa zehazten duena, guk gero horri marjina bat jartzen diogu, gehienez ere %35, eta modu horretara eginda orain arte  ez dugu inolako arazorik izan. Ekoizle batek gehiegizko prezioa jarriko balio produktu bati, guretzat adina kaltegarri izango litzateke berarentzat”.

Garbi dute zuzeneko harreman hori dutela altxor, baina horrek berarekin dakar eguneroko kudeaketa askoz zailago izatea. “Denda arruntek oso hornitzaile gutxi dituzte eta bakoitzari produktu pila eskatzen diote. Gure kasuan, ekoizle askok produktu bakarra dauka. Beraz, gure hornitzaileak diren ekoizleak 120tik gora dira. Horrek dakar denda beteta edukitzeko 120 eskaeratik gora egin behar ditugula, faktura pila bat, ordainketak egiteko orduan bere zailtasunak ditu… baina hori da bidea”.

Hiru gune eta hamaika ekimen

Dendak hiru gune ditu: harategia, denetariko produktuak dituen denda (kontserba, barazki, zereal, esneki…) eta sukaldea. Sukaldean, bertako produktuekin egindako 5-6 plater eskaintzen dituzte egunero, etxera eramateko. Eta enkarguz ere prestatzen dituzte jakiak: pandemia aurretik elkarteetarako eskaera asko jasotzen zituzten, eta herri bazkarietan katering zerbitzua eskaini izan zuten.

Dastaketak ere egiten zituzten, ostegun eta ostiralero pintxopote bereziak antolatuz: produktu bat hartzen zuten gai modura eta horri buruzko azalpenak ematen zituzten, ekoizlea aurkezten zuten eta gai horrekin egindako pintxo ezberdinak ateratzen zituzten, “produktua balioan jartzeko”.

Eskaini izan dituzten ikastaroek ere arrakasta handia izan zutela diote, “beti saiatzen baikara herriko eragileekin elkarlanean aritzen. Uste dugu jaso dugun erantzun ona horregatik ere badela. Aisialdi taldearekin gazteentzako ikastaroak antolatu genituen; etorkinekin bertako produktuekin haien errezetak egiteko ikastaroa…”.

Jangelak bertako produktuz hornitzen

Duela bi urte herriko jangela kolektiboekin hasi ziren lanean: Azpeitiko zaharren egoitza, Ikasberri Ikastola, Sanagustin kulturgunea eta Uztaro haurreskola hornitzen ditu Elikaguneak produktuz astean hiru aldiz. “Haiek eskaerak egiten dizkigute, eta guk ekoizleei egiten dizkiegu eskaera horiek: bestela, jangela batek eguneroko bere menua osatzeko eskaera pila egin behar ditu, eta ordaintzeko faktura pila bat. Guk lan hori errazten diegu, zentralizatu egiten dugu lan hori eta haien asteko eskaera ekoizle ezberdinen artean osatu egiten dugu”.

Jangelei erantzuteko, eskualdeko ekoizleekin lantalde bat osatu zuten, eta ekoizle bakoitzarekin erosketa planifikatu dute: “Ekoizle batek 1-2-3 produktu izan ditzake eta konpromisoa hartzen du urtean zehar produktu horietako kopuru batzuk lantzeko”. Jangelen eskaerei esker dibertsifikazio kasu bat ere gertatu dela azaldu dute: “Esnekiak egiten dituenak lehen esne osoa soilik egiten zuen, orain erdi-gaingabetua egiten hasi da eta sobratzen zaion esne koipearekin gurina egiten hasi da… ikusten dugu eragina duela ekoizpenetan eta produktu berriak sortzen ari direla eskualdean”.

FITXA

Elikagunea

Zer egiten du: bertako produktuen topagunea. Saltokia, horniketa unitatea, tailerrak, ikastaroak, dastaketak...

Langile eta bazkideak: sei langile bazkide eta langile bat.

Noiz sortua: 2018an.

Egoitza: Azpeitian.

Harremanetarako: info@elikagunea.eus