argia.eus
INPRIMATU
“Elikagaiak moralizatzen ditugunean errua azaltzen da”
  • Anti-dietatik lantzen du elikadura Maddi Etxeberria nutrizionistak, ez duelako sinesten argaltzeko dietetan: "Saiatzen gara ongizate orokor bat lortzen elikaduraren bitartez".

Olaia L. Garaialde 2023ko urriaren 27a
\"Zorionez, gero eta nutrizionista gehiago ari gara ikuspegi holistiko edo global batetik lanean\".

Errezeta begetalak, dietaren kulturaren inguruko hausnarketak, elikagaien inguruko mitoak eta beste partekatzen ditu Maddi Etxeberria nutrizionistak (Andoain, Gipuzkoa, 1998). Instagrameko @beganonegin kontuaren bidez zabaltzen du edukia.

Gero eta nutrizionista gehiagok salatzen duzue dietaren kultura. Zertan datza?

Zapalkuntza sistema bat da zeinenak behartzen gaituen kanon estetiko batzuetara atxikitzera alor guztietan, gizartearen onarpena lortzeko.

Argaltzeari lotuta egoten da?

Dietaren kulturak bai zaramatza dieta egitera argaltzeko, baina hortaz aparte, pentsamendu horiek guztiak dira erlazionatzen dituztenak gorputz argalak osasunarekin eta gorputz gizenak osasunik ezarekin.

Zer nolako eragina izan dezake elikagaiekiko harremanean?

Negatiboa, dudarik gabe. Horrek eragiten duena da elikagaiak moralizatzea; hau da, elikagai onak eta txarrak klasifikatzea gure gorputzari edo organismoari egin diezaioketen ekarpen nutritiboan oinarrituta. Askotan esaten dut jaten duguna baino askoz gehiago garela. Beharrezkoa da barazkiak presente edukitzea egunerokoan, baina barazkiak bakarrik janda bizi ezin dugun bezala, beste gauza batzuekin ere ez. Elikagaiak moralizatzen ditugunean errua agertzen da gure elikaduran. Jaten dugun bakoitzean errua edo konpentsatzeko beharra sentitzea eragin dezake.

Horrek ere eragin handia dauka osasun mentalean?

Inongo zalantzarik gabe. Presio estetikoak bakarrik izugarrizko eragina dauka osasun mentalean. Gainera, orokorrean sistemak, baina baita dietaren kulturak ere norbanakoa jotzen du erruduntzat eta arduraduntzat. Horrek eragiten duena da zu gaizki sentiaraztea "egin beharko zenukeena" ez egiteagatik. Eta dakar estres handia, antsietatea…

Ondorioz, elikagaien inguruko mitoak sortzen dira?

Zabalduena dagoena da fruitu lehorrek gizentzen dutela, eta nik beti esaten dut ez dagoela berez gizentzen edo argaltzen duen elikagairik. Dena da testuinguruaren arabera. Hala ere, jendeari oraindik kostatzen zaio onartzea. Horregatik, ezin dugu elikagai bat moralizatu horrek sortuko dituelako gaur egun mito bihurtu diren teoria sinplistak sinestea.

"Elikadura emozioekin eta kulturarekin oso lotuta dago, ezin dugu hortik banandu"

Uste duzu nutrizionisten lana dieta kontzeptutik urruntzen ari dela?

Bai. Zorionez, gero eta nutrizionista gehiago ari gara ikuspegi holistiko edo global batetik lanean. Horrek eragiten du kontuan hartzea pertsona indibiduo konplexu gisa eta ez elikatzen den gorputz gisa. Askotan uste dut lanbideen espezializazioak ekarri duela norberak bere alorrean aditua izatea, baina ez gara elikatzen den gorputz bat soilik, askoz gehiago gara. Elikadura emozioekin eta kulturarekin oso lotuta dago, ezin dugu hortik banandu.

Zuk ere anti dietatik egiten duzu lan.

Uste dut dietak hartu duela oso esanahi espezifikoa, ez dena horrela. Dieta berez da elikatzeko modu oro. Gaur egun dieta ulertzen dugu argaltzeko edo pisua galtzeko elikatze mota moduan. Horregatik definitzen naiz ni eta beste aditu asko anti dieta gisa. Guk ez dugu sinesten argaltzeko dietan, saiatzen gara ongizate orokor bat lortzen elikaduraren bitartez.

Elikadura %100 begetalaren alde egiten duzu. Nola egin daiteke dieta gisa ulertu ez dadin?

Kolektiboki ez dakit nola egin, baina indibidualki askotan izaten da enfokatzen dugula beganismoa, beste korronte batzuk bezala, mugatik edo eredu murriztailetik, eta erabaki behar dugula haututik. Elikadura asaldurak daudenean erruduntzat botatzen da beganismoa, murriztailea delako. Zuk erabaki baduzu beganoa izatea edo elikadura %100 begetala eramatea, nondik erabaki duzu hori? Hori da garrantzitsua. Pertsona batek erabakitzen badu elikadura begetal batera transizionatzea horrek eragingo du elikagai batzuk ez jatea, eta hartara erruduntasunik ez sentitzea, orduan, hor alerta piztu behar zaigu. Garrantzitsuena da gauzak nondik eta zertarako egiten diren ikusi, eta horren arabera erabakiak hartzea.