Eskoletan eta Amurrio eta Laudioko supermerkatuetan egongo dira janaria eta behar-beharrezko produktuak jasotzen.
“Piztu itxaropena” elkartasun karabanaren XIV. edizioa prestatu dute Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren -SEAD- aldeko elkarteek. Tindufeko -Argelia- errefuxiatuen kanpalekuetara elikagaiak eta premia-premiazko produktuak eramatea da egitasmoaren xedea. Horiek biltzeko kanpaina egingo dute Aiaraldean, urtarrileko bigarren hamabostaldian.
Amurrion hilaren 19 eta 20an egongo dira, Eroski, Berriak eta Diaren supermerkatuetan. Laudion Eroski eta Berriaken egongo dira, 26 eta 27an. Avillo alargunen elkarteak eta Solastiar eta Jakaranda taldeek lagunduko dute bilketan. Eskoletatik ere igaroko dira, 22tik 29ra bitartean.
3.400 kilo janari bildu zituzten iaz eskualdean, eta aurten beste horrenbeste lortzea espero dute. "Kopurua mantentzea garaipen bat izango litzateke guretzat", adierazi du Ana Martinezek. SEADen lagunen elkarteko kideak nabarmendu du geroz eta okerragoa dela errefuxiatuen kanpalekuetako egoera: "geroz eta beharrizan gehiago dituzte eta laguntzak geroz eta gutxiago dira. Ez dakigu datorren urtean karabana antolatzeko aukerarik izango dugun".
Bilketan boluntario gisa parte hartzeko aukera luzatu dute ekimenaren antolatzaileek. 619 030 834 edo 945 393 887 telefonora deitu behar da horretarako.
Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.