argia.eus
INPRIMATU
Elikagai industriak 18.000 milioi euro poltsikoratu ditu gosea areagotzen ari den bitartean
  • Pandemia ondorengo goseteek COVID-19ak baino heriotza gehiago eragin ditzakete, Oxfamen azken txostenaren arabera. Elikadura enpresa handiek 18.000 milioi euroko irabaziak izan dituzte aldi berean.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 13a

COVID-19ak piztutako krisi planetarioak heriotza gehiago eragin ditzake goseagatik gaixotasunagatik baino, El Salto hedabideak argitaratu duenez. Oxfamek uztailaren 9an argitaratutako El virus del hambre txostenaren arabera, koronabirusarekin lotutako pobretzeak 12.000 hildako eragin ditzake egunero. Apirilean, pandemiaren unerik okerrenean, koronabirusak 10.000 heriotza eragin zituen egunez egun.

Urtea amaitu baino lehen, gosea pairatzen duten pertsonen kopurua 270 milioikoa izango da. Horietatik 120 milioi azken krisi honi egozten zaizkio, Elikagaien Munduko Programaren datuen arabera. Arrazoi nagusiak ondorengoak lirateke: langabezia, mugikortasunaren murrizketak, elikagaien ekoizpenaren eta banaketaren aldaketak eta laguntza humanitarioaren murrizketa.

Chema Vera Oxfam Internacionaleko zuzendariaren ustez, koronabirusaren krisia "gatazka, klima aldaketa eta desberdintasunaren ondorioei eta elikadura-sistema disfuntzionalari aurre egin behar zieten milioika lagunentzako edalontzia bete duen tanta izan da".

Elikadura-larrialdi egoerak kontraste nabarmena egiten du elikadura enpresa handien negozioaren norabidearekin. Besteak beste, Coca-Cola, Danone, General Mills, Kellogg, Mondelez, Nestlé, PepsiCo eta Unilever enpresek negozio borobilak egin baitituzte aurtengo urtarriletik aurrera. Erraldoiek 18.000 milioi dolarreko dibidenduak banatu dituzte euren akziodunen artean. Verak salatu duenez, "gosetea geldiarazteko Nazio Batuen Erakundeak eskatu duena baino hamar aldiz handiagoa da”.

Txostenaren arabera, "gosearen epizentro" berriak agertu dira, hala nola, Indian, Hegoafrikan eta Brasilen. "Lehen bizirauteko zailtasunak zituzten milioika pertsona muturreko egoeran daude". Aurretiaz krisi ekonomikoak zituzten beste herrialde batzuek, Venezuelak eta Hego Sudanek kasu, iragarpenak okertu dituzte pandemiaren ondorioz.

Brasilen, Oxfamek dioenez, milioika langile txirok galdu dituzte diru-sarrerak konfinamenduaren ondorioz, eta ia ez dute aurrezkirik edo laguntza sozialik. Ekainaren amaieran, Jair Bolsonaroren Gobernuak agindutako laguntzen %10 baino ez zuen banatu.