Jatea eskubidea da, eta eskubide horren (eta berau betetzeko administrazioari egin beharreko eskakizunaren) aldarriak ezkerraren estrategian presenteago egon beharko luke, etxebizitza, hezkuntza edo osasun unibertsalaren alde egiten den borrokaren mailan. Hori GITE-IPESek elikadura-krisiaz eta goseaz antolaturiko jardunaldietan egin duten gogoetetako bat, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan.
Azken finean, elikaduraren kudeaketak eraldaketa sozialari lotuta joan behar duela ondorioztatu dute parte-hartzaileek. Alegia, jakiak kontsumitzeko nahikoa baliabide ez dutenak (batik bat immigranteak eta ama bakarrak, datuen arabera) hartzaile soil izateari utzi behar diote, eta horiek elikatzeaz arduratzen direnak (gehienbat Caritas-en esku) banatzaile soil izateari utzi behar diote.
Elikagaien banaketan Elizak monopolioa izateak ez du esan nahi ezin daitekeenik beste era batera egin; hartzaile-banatzaile dikotomia apurtu eta aldaketa eta iraultza sozialerako bidea behar luke elikagaien kudeaketak, José Ramón González soziologoaren arabera. Greziako adibidea jarri du: Syriza koalizio ezkertiarrak sustatuta, elikagaiak kudeatzeko autoantolaketa eta kooperatiben bideari heldu zioten, elikagaiak behar dituztenak eragile aktibo bilakatuz, biktima pasibo eta hartzaile beharrean.
Elikadura burujabetza, administrazioa eta herritarrak. Norena da ardura?
Goseari eta pobreziari aurre egitea, eta denek jan ahal izatea eta jaten duguna kudeatzea eraldaketa sozialarekin lotu behar bada, elikatzerakoan egun dugun gizarte eredua aldatzea komeni da, hizlarien esanetan. Bide horretan, elikadura burujabetza gako garrantzitsua da: garaian garaiko bertako produktu ekologikoak kontsumitzea, inguruko ekoizleei…
Aldaketa horretan, baina, zeinena da ardura? Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika Saileko Xabier Aierdiren hitzetan, administrazioaren betebeharretatik harago herritarroi ere badagokigu ohiturak aldatzea eta elikadura burujabetzak “herrialde osoaren estrategia” izan behar duela ulertzea. Bitartekaririk gabe, baserritarrek botilaraturiko esnea makinan erosteko aukera eman eta makinak hilabete iraun zuela jarri du adibide, bizilagunek ez zutelako erosten.
Via Campesinako kide Unai Arangurenek, ordea, argi dauka: “Bertakoa eta ekologikoa kontsumitzea ez da beti ohitura kontua, politikek ere erraztu behar dute ohitura, oztopatu beharrean. Zergatik ez da iristen Zeberion ekoiztutakoa Bilbora, baina bai munduko beste muturrean egindakoa? Merkatutik at gaude, administrazioak trabak jartzen dituelako behin eta berriz. Horri aurre egiteko merkaturatze alternatiboak eta zubiak eraiki behar ditugu, kontsumo taldeen bidez-eta”. Adibidea ere jarri du: Larrabetzuko eskolako gurasoek, jangelan banatzen den janaria pribatuki gestionatzea erabaki zuten, “eta orain haurrek herriko produktuak kontsumitzen dituzte 4 euroan, jangela publikoak 11 euro balio zuen bitartean, auskalo nolako eta nondik ekarritako produktuekin”.
Administrazioaren ardura nabarmendu du baita ere, ikus-entzuleen artetik, David Lopategi EH Bilduko kideak: “Bilbon, beharra dutenentzat Udalak diruz laguntzen dituen elikadura-txekeak BM eta antzeko supermerkatuetan baino ezin badira erabili, zer elikadura mota ari da sustatzen eta zein ekoizle motaren mesedetan?”. Elikagai Bankuko Luis Crovettorentzat, honetan guztian ezinbestekoa da formakuntza, ongi jaten ikasteko eta herritarrok bertakoari, ekologikoari, elikadura burujabetzari… garrantzia emateko.
Adar gehiagori heldu diote jardunaldietan eta erreportaje osatuagoa kaleratu dugu Argian.