argia.eus
INPRIMATU
Bergarako Elikadura Mahaia
Elikaduraren bueltan gobernantza eredu berriak sortzen
  • Elikadura kate osoan eragiteko asmoz, marko berri bat sortu da azken hilabeteotan Bergaran: Elikadura Mahaia. “Gure bailara oso industriala izan arren, elikaduraren eta lehen sektorearen bueltan eragile dezente genbiltzala sumatzen genuen, eta sinergiak lantzeko eta guztiak norabide berean jartzeko asmoz sortu dugu mahaia”, azaldu du Ekaitz Aranberri Zezeaga zinegotziak. Udaleko ordezkariez gain, Debagoienako Landa Garapenerako Elkarteak, Ereindajan proiektuak, herriko ekoizle eta nutrizionistek eta eraldaketa soziala bultzatzeko sortu berri den Ehundu proiektuak hartzen dute parte marko horretan.

Garazi Zabaleta 2022ko otsailaren 24a

“Badirudi kontsumo ohiturak pixkanaka aldatzen ari direla, baina ekoizpen nahikorik ez egotea ere bada arazoa”, dio Aranberrik. Izan ere, azken urteotan herrian eta eskualdean nekazaritzako eta abeltzantzako jarduerek beheranzko joera izan dute, eta horregatik, Elikadura Mahaitik arreta berezia jarri nahi izan diote ekoizpenaren alorrari. “Nekazaritzako erreleboan eragiteko lantalde bat sortu da, erreleboa bermatzeko eta pertsona berriak lehen sektorera erakartzeko lanean ari dena”. Belaunaldi berriak sektorera erakartzeko eta honezkero horretan ari direnak babesteko, ezinbestekoa da baliabideetarako sarbidea erraztea. Zentzu horretan, herrian landu litezkeen lur bila ari da lantaldea.

Erreleboaren inguruko lanketaz gain, herriko baserritarren azokan ere jarri du fokua mahaiak. “Bere garaian, azokaren inguruan parte hartze prozesu bat egin zen, eta horri jarraipena eman diogu orain”, azaldu du zinegotziak. Azoka eraldatzeko eta indartzeko asmoz, arkitektura enpresa bati proiektua egiteko eskatu diote, beste zenbait herritako azokak eredutzat hartuz. Etorkizuneko azoka definitzea eta obra egitea da haien asmoa. 

Debagoiena 2030 sareko kide

Aurreko bi lanketa horiez gain, hirugarren zutabe bat ere hartu du mahaiak beregain: duela zenbait urtetik bailaran martxan den Debagoiena 2030 sarean sartuta dago, eta eskualdeko jangela kolektiboen inguruan lanketa egiten ari dira bertatik. “Jantokien gaia lantzea eta alor horretan eragitea ere bada gure asmoa. Momentuz, proiektu piloto moduko bat abian jartzea da ideia”, gehitu du.

Oraindik hastapen fasean badago ere, ari da martxa hartzen Bergarako Elikadura Mahaia, eta egitasmoko kideak pozik daude izaten ari diren erantzunarekin. “Azken batean, eragileen aldetik kezka partekatua zegoen gaiaren inguruan, eta buruan geneuzkan proiektu horiek guztiak ildo berean jartzeko beharra zegoen”, dio Aranberrik. Udaletik, gobernantza eredu berrien aldeko apustua egiten dute, eta proiektu hau ere ildo horretan kokatzen dute: “Espazio partekatuak sortzea da asmoa, pixkanaka gobernantza eredu parte-hartzaileagoak bultzatzeko”.