argia.eus
INPRIMATU
Javier Guzman (Elikadura Justiza Globala):
“Elikadura txarra Espainiako Estatuko osasun publiko arazorik handiena da, baina ez da neurririk hartzen”
  • Javier Guzman VSF (Elikadura Justizia Globala) elkarteko zuzendaria da. Derion izan da, La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren ekimen osagarrietako batean. Hain zuzen, bere elkartea Espainiako Estatuan egiten ari den Dame veneno (Emadazu pozoia) kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko uztailaren 19a
"Espainiako Estatuan saihestu litezkeen heriotzen %21ek elikadura txarrean dute jatorria. Hau da, 90.000 pertsona urtero". (Arg.: Unai Brea)

Elikadura osasungarri eta jasangarria eskuratzeko eskubidearen alde borrokan ari da VSF. Ezer baino lehen, azken hamarkadetan gertatutako dieta aldaketa handia aipatu digu Guzmanek: ia elikagai guztiak fresko jatetik batik bat janari prozesatua jatera igaro gara.

Zuk esana: edozein janari edo edari osasunerako kaltegarria da, baita ekoizpen ekologikotik badator ere…

Jakin badakigu elikadura ez osasungarriak berezko lotura duela jaki prozesatu eta ultraprozesatuekin. Zergatik? Osasunean inpaktua duten hiru elementu dituztelako: azukrea, gatza eta gantz saturatuak. Elikagai osasungarri eta freskoetan oinarritutako elikadurara itzuli beharra daukagu, eta horretarako nekazaritza sistema lokala behar da, eskala txikikoa, eta herritar guztien eskubideak asetzeko antolatua, ez ordaindu dezaketen elite batzuenak bakarrik.

Kostatu egiten zait eliteak azukre eta gatzik gabeko jakiak erosten irudikatzea. Hau da, zaporerik gabekotzat ditugunak.

Arazoa ez dira mahaian erabiltzen ditugun gatza edo azukrea. Azken hogei urteetan %20 murriztu da mahaiko azukre kontsumoa, baina guztizko azukrearena %30 hazi da. Kontsumitzen dugun azukrearen ia %80 “azukre ikusezin” esaten zaion hori da, azukrerik gabekotzat ditugun elikagaien barruan dagoena: saldak, saltsak, pizzak…

Zer arazo dakar horrek?

Datu ofizialen arabera, Espainiako Estatuan saihestu litezkeen heriotzen %21ek elikadura txarrean dute jatorria. Hau da, 90.000 pertsona urtero. Beste sektore batean halakorik gertatuko balitz alarmak piztu eta berehala neurriak hartuko lirateke. Inoiz izan dugun elikadurarik ez osasungarriena dugu, eta heriotza askoren zergatia horixe da. Bost heriotza kausa nagusien artean, lauk zerikusia dute elikadurarekin.  

Nolatan ez dute erakunde publikoek horren aurka zerbait egiten?

Estatuko osasun publiko arazorik handiena da, baina ez dugu politika publikorik aurre egiteko. Datuak ditugu, nola aurre egin azaltzen diguten NBEren gomendioak ditugu... eta botere publikoak geldirik. Herritar zaurgarrienak kondenatzen ari gara, haiek jakin gabe, eta batez ere pare bat hamarkada barru loditasun tasa izugarriak izango dituen ume belaunaldi oso bat ari gara kondenatzen. Horrek ekarriko duen osasun arazoa ez dugu ebakuntza edota sendagaiekin konponduko. OMEren zuzendariak berak esan du askoz zailagoa dela elikadura txarraren aurka borrokatzea tabakoaren aurka baino. Baina elikadurarena oso negozio handia da, lobby indartsua duena.

Bada munduan adibide positiborik?

OMEren gomendioak, ezarri diren herrialdeetan, funtzionatzen ari dira. Eta oinarrizko neurriak dira. Bata, umeei zuzendutako elikadura txarraren publizitatea debekatzea. Bestea, neurri fiskalak martxan jartzea.

Nola?  

Elikagai, edo hobeto esanda, produktu jangarri ez osasungarrienek zama fiskal handia izan behar dute, erostea ez sustatzeko. Eta osasungarriek %0ko BEZa izan dezatela, herritar pobreenek ere eskura izan ditzaten. Espainiarren %44k ezin du elikadura osasungarria ordaindu. Lehen pobreagoak ginen oro har, baina eskurago genituen elikagai osasungarriak.