argia.eus
INPRIMATU
Eskola-jantokietan elikadura osasuntsu eta gertukoa aldarrikatu dute gurasoek
  • Eskola-jantokien kudeaketa catering enpresa handien menpe dago EAEko ikastetxe publikoetan, araudiak hala sustatuta. Ikastetxeak berak bere jantokia kudeatu ahal izatea eta horren bidez elikadura osasuntsua, gertukoa eta bidezkoa bermatzea aldarrikatu dute gurasoek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko martxoaren 16a

Lau urtetik behin, ikastetxe publikoetako 2 eta 16 urte bitarteko ikasleen 92.000 menu gestionatzeko lehiaketa publikoa deitzen du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Jartzen diren baldintzek aukerak asko murrizten dituztela, enpresa txikiei eta tokian tokiko ereduei bidea ixten dietela eta ondorioz jantokietako gestioa zazpi enpresen esku dagoela salatu du EHIGE gurasoen elkarteak.

Ikastetxe kontzertatuetan ez bezala, eskola publikoko gurasoek “ezin dute aukeratu zer jango duten euren seme-alabek, ezta jakien jatorria ere”, kritikatu dute.

Araudi berriaren premia

Jaurlaritza datozen lau urteetarako baldintzak ezartzen ari den honetan, araudi berria eskatu dute, ikastetxeak autonomia izan dezan jantoki eredua hautatzeko: “Eskola bakoitzak aukera izan beharko luke erabakitzeko jantokia catering edo janari zerbitzua eskatzen duen enpresa baten bitartez kudeatu nahi duen, ala jantokia zuzenean kudeatu nahiago duen”, adierazi du Lurdes Imaz EHIGEko kideak.

Gaur egun, ikastetxeak jantokiaren kudeaketa bere gain hartzeak administrazioaren baldintzetatik kanpo geratzea eta beraz diru-laguntzarik ez izatea dakar.

Ikastetxeak sukaldari eta langileak zuzenean kontratatu eta inguruko denda, ekoizle eta baserritarrekin lan eginez gero, elikadura osasuntsuagoa lortuko litzatekeela ziur da EHIGE, tokian tokiko eta sasoiko produktuez hornitua, ingurumenarekiko jasangarriagoa (urrutiko elikagaiak garraiatu beharrean), bertako ekonomia bultzatzeko lagungarria eta langileen lan baldintzen mesedetan.

Lau ikastetxetan proiektu pilotua

Irailetik aurrera, proiektu pilotua abiatuko dute lau ikastetxe publikotan, EAJ eta EH Bilduren akordioari esker. Horietan, guraso elkarteek eurek kudeatuko dute ikastetxeko jangela, eta ez catering enpresa batek.

Larrabetzuko eskola, eredu

Jaurlaritzaren diru-laguntzetatik kanpo geratu arren, Larrabetzuko eskola publikoak betitik autogestionatu du ikastetxeko jantokia. Guraso elkarteak zuzenean kontratatzen ditu langileak eta ikasleek bertako produktuak kontsumitzen dituzte, bertako sukaldean prestatuak.

“Hemengo jantokiak beti erosi izan du herriko harategian, arrandegian eta denda txikietan. Eta baserritarren produktua ere bai, ahal den neurrian. Zer da zure seme-alaben elikadura baino garrantzitsuagoa?”, kontatu digute larrabetzuarrek, Autogestioa jangelan erreportajean. Azken finean, elikaduran hezteko ere baliatzen dute jantokia.