argia.eus
INPRIMATU
Elikaduraren gizarte segurantzaren proiektua lehen pausoak ematen ari da Ipar Euskal Herrian
  • Herritarrei elikagai jasangarriak eskuratzeko aukera bermatu nahi die elikaduraren gizarte segurantzaren proiektuak, aldi berean ekoizpen arduratsuago baterako bidea zabalduz. Legearen galbahea pasatzea zaila ikusten dute, baina hasi dira euren kabuz antolatzen.

Lide Iraola 2022ko urriaren 14a
Montpellierren (Frantzia) egindako bilkura bat.

Gero eta gehiago dira Frantziako Estatuan Gizarte Segurantzak elikadura iraunkor bat barnean hartzeko exijitzen dutenak. Herritarrei modu jasangarrian elikatzeko aukera emateko proiektu bat sustatu nahi dute, zeinak pertsona bakoitzari hilean 150 euro emango lizkiokeen, demokratikoki kudeatutako eta kotizazio sozialarekin finantzatutako tokiko kutxen bidez elikatzeko.

Mugimenduak bi kezka nagusi ditu oinarrian: alde batetik, laborantzan eraldaketa baten beharra ikusten dute, gaur egungo ereduak elikagaiak eta ingurumena esplotatzen dituelako. Eta, bestetik, kontsumitzaileei ere erreparatzen diete: diru-sarrera ohikoenekin, herritarrek ez dute modu jasangarrian elikatzeko eskubiderik.

Duela hamar bat urtetik, laborantza eta elkarte munduko eragileak lanean ari dira osasunaren arloko gizarte segurantza sistemaren modukoa litzatekeen dispositibo bat martxan jartzeko, Kazeta hedabidean irakur daitekeenez. Gaiaren inguruan eztabaida sendotzen joan da, eta antolatzen joan dira hainbat txokotan. 2019tik abian da “Elikaduraren Gizarte Segurantzaren alde” kolektiboa, proiektua koordinatzeko.

Hala ere, legediaren bermea behar du proiektuak, eta kolektiboak urrun ikusten du aukera hori. Bitartean, hedadura mugatuko herri ekimenak antolatzen ari dira.

Ipar Euskal Herrian ere hasi dira martxan jartzen proiektua ezagutarazteko hainbat hitzordu. Besteak beste, Urruñako Ekintza Sozialeko Herriko Zentroak Elgarrekin elkartearekin lankidetzan bi eguneko plangintza antolatu du, urriaren 14 eta 15 egunetarako, informazioa biltzeko eta eztabaidatzeko. Bigarren egunean arratsaldeko 18:00etan, Baionako Otsokop saltegi kooperatiboan Okzitaniako Tolosako tokiko kutxa proiektuaren bultzatzaileetakoa den Sarah Cohen gonbidatuarekin gaia landuko dute. 2023ko urtarrilean hiri hartako auzo ezberdinetan proiektu bat abiatuko da bost kutxarekin.