argia.eus
INPRIMATU
Elikadura burujabetzaz unibertsitate mailako ikastaroa, ezagutza demokratizatzea xede
  • Hegoak, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuak, elikadura burujabetza eta nekazaritza ekologikoa ardatz dituen ikastaroa eskainiko du 2016ko urtarriletik azarora bitartean, “Baserritik mundura: gure elikaduraren etorkizuna jokoan” goiburuarekin. Ikasketek unibertsitate maila izango dute –EHUrekin lankidetzan ari da Hegoa–, eta azaroaren 20an amaituko da izena emateko epea (xehetasunak hemen).

Unai Brea @unaibrea2 2015eko azaroaren 11

EHNE-Bizkaia sindikatuak helarazi zion Hegoari elikadura burujabetzaz eta nekazaritza ekologikoaz unibertsitate mailako ikasketak sortzeko proposamena, eremu horretan hutsunean sumatuta. Hala, urtarrilean hasiko den ikastaroaren edukiak diseinatzen hiru urtez jardun dute lehen sektoreko sindikatua eta Hegoa Institutua, baita Etxalde nekazari mugimendua ere.

Ikastaroan elikadura-sistemaren eta menderatze-sistemaren arteko loturak aztertuko dira, eta elikadura burujabetzaren alorreko ekimenak sustatzeko ikerketa-lerroak jorratuko dira. Helburua da 25 lagun trebatzea elikadura burujabetzan. Horrez gain, Euskal Herrian honezkero nekazaritza ekologikoarekin eta agroekologiarekin harremana duten hamar prozesurekin lotura egiteko asmoa dute.

Ikastaroak Hegoamerikako Via Campesinaren metodologia pedagogikoak baliatuko ditu, bereziki Brasilgo MSTk (lurrik gabeko nekazarien mugimendua) darabiltzanak. Azaldu dutenez, “Elikadura Burujabetzaren agenda nekazaritzaren eremua gainditu eta gizarte osoari eragiten dion bizipen bihurtu” nahi dute. Hala, ezagutza demokratizatu eta mota horretako ikasketetatik kanpo geratu ohi diren pertsonengana zabaltzen saiatuko dira.

Ildo horretan, ikastaroa bereziki zuzendu nahi diote lehen sektorean dabilen edo hasteko asmoa duen edonori; mugimendu sozial, erakunde eta administrazio publikoan lan egin eta elikadura burujabetzari buruzko gaietan ari direnei; gaiaz interesa duten unibertsitateko eta nekazaritza eskoletako ikasleei; eta oro har, elikadura burujabetzaren praktikan parte hartzeko borondatea duen orori.