argia.eus
INPRIMATU
Biolur elkarteak 30 urte
Elikadura burujabetzaren eta nekazaritza ekologikoaren jaia Zestoako Iraetan
  • Biolur Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Elkarteak 30 urte betetzen ditu aurten. Hori ospatzeko, jaia antolatu du uztailaren 9an, igandea, Zestoako Iraetako frontoian. "Elikagai artifizialen bidez kapitalaren interesak soilik lehenesten dituzten proposamenen aurrean" beraien irakurketa plazaratu dute eta jaia baliatuko dute eskuartean duten Amillubi proiektua herritarrei aurkezteko. Beraz, Euskal Herriaren elikadura burujabetzaren alde dagoen eragile, erakunde zein herritar orori egin diete bertaratzeko deia.

ARGIA @argia 2023ko uztailaren 06a

Biolur elkarteak honela gogoratzen ditu 1993an eman zituen lehen urratsak: "Hasiera haiek zalantza eta aurreiritzi asko eta laguntza gutxiko garaiak izan ziren; jendartean oraindik ere kontzientzia ekologiko oso gutxi zegoen. Printzipio etiko batetik gauzak beste modu batera egiteko gogo eta satisfazioak akuilu hartuta, sarerik gabe pausua eman zuten eta eredu bihurtu ziren Biolur sortu zuten kideak".

Egun 300 kidek baino gehiagok osatzen dute Biolur, eta jai honetan elkartu nahi dute, "errekonozimendua, poza eta ilusioa ospatzeko; proiektu garrantzitsuak ditugulako esku artean, eta baita taldea eta indarra ere horiek lurreratzeko".

Elikagai artifizialen aurrean

Mugimendu agroekologikoko eragile gisa, irakurketa hau plazaratu du Biolurrek: "Egun bizi dugun krisi ekologikoaren testuinguruan eta elikagai artifizialen bitartez kapitalaren interesak soilik lehenesten dituzten proposamenen aurrean, etorkizun desiragarriak eraikitzeko gure konpromisoa adierazi nahi dugu; eta epe motz, ertain eta luzeko ekintzak eta estrategiak behar ditugula azpimarratu nahi dugu. Estrategia horiek guztientzako justuak, askatzaileak eta bizitzen aldekoak izatea oinarrizkoa dela uste dugu. Horretarako, Gipuzkoako zein Euskal Herriko Elikadura Burujabetza eta Nekazaritza Ekologiaren aldeko eragile, erakunde zein herritar ororekin etorkizun iraunkorra eta oparoa eraikitzea dugu lan ildo nagusietakoa, sarea eta ekintza agroekologikoa oinarri hartuta. Ildo horri heltzeko deia egiten dugu.

Biolurren festa uztailaren 9an Iraetako frontoian

Biolurren 30 urteurreneko festa uztailaren 9an, igandean izango da, Iraetako frontoian. 12:30ean Amillubi Txiki baserri eremura bisita egingo dute eta bertan azalduko dute Biolurrek aurrera begira duen "proiektu garrantzitsua".

Ondoren, 14:00etan ospakizun ekitaldia egingo dute Iraetako frontoian eta jarraian, bazkaria. 16:30ean Monsanto Kilombo taldeak girotuko du frontoia.

Hona hemen kartel osoa: