argia.eus
INPRIMATU
Elikadura Burujabetzaren Astea egingo dute EHUn
  • Nekazari Borrokaren Nazioarteko Egunari (apirilak 17) segida emateko asmoz, Elikadura Burujabetzaren Astea egingo dute Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hiru campusetan, Bizilur, EHNE Bizkaia, Etxalde eta EHUk antolatuta. Berez, ekimenak hiru aste iraungo du, campus bakoitzean bana. Leioako campusaren txanda maiatzaren 2tik 6ra bitartean izango da.

Hiruka .eus 2016ko maiatzaren 02a
Leioako campusean hasiko dira Elikadura Burujabetzaren aldeko dinamikarekin (argazkia: Hiruka).

Tarte horretan, Gure lurra gure etorkizuna erakusketa zabaldu, eta Bide berriak: elikadura burujabetza Euskal Herrian dokumentala emango dute, besteak beste. Gainera, nekazaritza-merkatu ekologiko, sozial eta eraldatzailea egingo dute, maiatzaren 3an, martitzenean, 10:00etatik 15:00ak arte. Horretan, bertoko ekoizleak, REAS, FIARE, eta REASeko lurraldeko erakundeak parte hartuko dute, besteak beste.

Halaber, elikadura burujabetzaren alorrean TTIPak zer-zelako eragina izan dezakeen aztertuko dute, maiatzaren 5ean, eguenean. TTIPa Europar Batasuna eta AEBak negoziatzen dabiltzan merkataritza askeko akordioa da.

Egitaraua:

- Maiatzak 2-6: Gure lurra gure etorkizuna erakusketa Liburutegi Nagusiko sarreran.

- Maiatzak 3, martitzena: 10:00etatik 15:00etara nekazaritza-merkatu ekologikoa, soziala eta eraldatzailea, Mikel Laboa plazan.

- Maiatzak 4, eguaztena: 15:00etatik 17:00etara Bide berriak: elikadura burujabetza Euskal Herrian dokumentalaren emanaldia eta berbaldia, Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan.

- Maiatzak 5, eguena: 15:00etatik 17:00etara Elikadura burujabetza eta TTIPa hitzaldia. Andoni Garcia (COAG) eta Sonia Ingunza (Etxaldeko Emakumeak) Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan.

Albiste hau Hiruka.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.