argia.eus
INPRIMATU
Elikadura burujabetzarako gida sortu dute hainbat gaztek
  • Gazteraiki topaketetatik sortutako proiektuak webgune modura hartu du itxura. Elikaduraburujabetza.eus-en topa daitezke nekazarien datuak.

Topatu.eus @topatu_eus 2017ko uztailaren 12a

Elikadura burujabetzaren ildoan urratsak ematen joateko sareratu dute elikaduraburujabetza.eus webgunea. Oraindik erabat osatu gabe baldin badago ere, pixkanaka ari dira datuak sartzen, eta jada eskuragai daude Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko nekazari ugariren datuak, herrika eta elikagaika sailkatuta. Eskuko liburuxka bat ere osatuko dute, Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladetara eramateko. Izan ere, herrietan elikadura burujabetza martxan jartzeko tresna praktikoa izan nahi du gidak. Nahi izanez gero norbere herriko ekoizleen informazioa ere bidali daiteke webgunetik bertatik edota helbide honetara idatzita: elikaduraburujabetza@gmail.com.

Barañaingo Gazteraiki topaketetatik ateratakoa da elikadura burujabetzaren gidarena, eta proiektuan buru-belarri aritu diren kideekin bideo-erreportajea osatu dugu:

 

Proiektuaren aurkezpena:

Zer proiektu gabiltza sortzen?

Elikadura-burujabetza ikuspegi politikoa da, herriak euren elikadura-sistema definitzeko duten eskubidea du oinarri, eta merkatuen zentralitatea, bizitzaren pribatizazio eta desberdintasunen orokortzea oinarri dituen eredu bakarrari egiten dio aurre; ikuspegi horrek bizitza eta elikadura erdigunean ipintzea, eta denon artean apustu horri erantzungo dioten eredu sozial eta ekonomikoak eraikitzea proposatzen du.

Esku artean dugun proiektua elikadura burujabetza ikuspegitik nekazaritza iraunkor batean lanean ari diren nekazarien gida bat da. Nekazarien bizimoduari, hurbiltasunari loturiko eta ekologikoki, sozialki, politikoki eta ekonomikoki sostengagarriak diren nekazaritza eta elikagaigintza sistema horiek aurkituko ditugu bertan.

Zergatik?

Egoera askotan bazkari, afari… etan gazte mugimenduak ez du ikuspegi hau aurrera eramaten arrazoi desberdinengatik; Izan daiteke ezjakintasunagatik, kontzientzia faltagatik edota erosotasunagatik. Berebiziko garrantzia dauka esparru honek kontsumo mota honi bultzada ematea, eta horregatik iniziatiba har dezagun erraztasunak eman nahi dira.

Non?

Gida paperean zein modu digitalean egongo da. Lehen pausua, liburuxka Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen eskuetara heltzea bermatzea izango da. Hala eta guzti, beste kolektibo zein norbanakok eskuragarri izango du.

Nori zuzenduta eta zertarako?

Elikadura-burujabetza, proposamen alternatibo integral eta ireki gisa ulertuta, antolatzeko bestelako moduak eraikitzeko markoa izango litzateke, eta gazte mugimenduaren xedea iraultza izanik, arlo honetan ezinbestean eragin behar dugu. Horretarako, gazteok kolektiboki zein norbanako moduan ikuspegi politiko honen baitan kokatzea ezinbestekoa da. Beraz, hauen esku jarri nahi den bitarteko honekin, elikadura burujabetza beharrezko ikuspegi gisa ulertarazi eta honekin ahalik eta koherenteen izateko irizpideak eman nahi dira. Azken finean arlo honen lanketa praktikora salto egiteko erraztasunak emango dituen liburuxka izango da.

Bestalde gure herrian ditugun produktu, ekoizle, proiektu eta dinamikak ezagutzera eman nahi ditugu, kontsumoa eraldaketarako tresna gisa ulertuta, erantzukizunak partekatuta eta ekoizleen eta kontsumitzaileen artean, landa-eremuaren eta hiri-eremuaren artean, hurbileko harremanak sortuz.

Nola?

Abiapuntutzat dugun proiektu honen garapena eskaini behar zaion esfortzuz daramagu aurrera. Herrialdeka antolatuta, nekazari hauek identifikatzen gabiltza.

Nork?

Elikadura Burujabetzaren lanketa egitera goazen gazteok osatzen dugu lantalde hau, eta arlo honekiko interesa eta grina duen edonork parte hartu dezake proiektu honetan.

Bestea:

-Gida hau ez da betiereko, aldaezin eta gida perfektu bat izango. Lanketa honen bidean lehen pausu bat izango da, eta nekazariak falta dira. Jakinaren gainean gaude proiektu honen dimentsioa handia dela, eta gida guztiz osatu bat egitea ezinezkoa dela, gure eskuetatik at geratzen baita. Oraindik gidan ageri ez den ekoizleek bertan parte hartzeko deia luzatzen diegu.

Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta