argia.eus
INPRIMATU
Elikadura 21 biltzarra
‘Elikadura Burujabetza’ ideia arrakastatsua nola ez utzi manipulatzen ultraeskuindarrei
  • Hogei urtean ‘Elikadura Burujabetza’ asmakizun exotiko izatetik pasatu da Donald Trump, Marine Le Pen eta halako populista ultranazionalistek berenganatu nahi izatera. 2008an lehertutako krisitzarrak eman bide dio arrakasta. Lortuko ote du Via Campesinak eta oro har nekazari txiki erresistenteen sareak ideia sorrerako izpirituan atxikitzea?

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko apirilaren 25a
Elikadura 21 biltzarraren irekiera ekitaldia apirilaren 25ean. (Argazkia: Etxalde)

Elikadura 21 biltzarrean jorratu diren hamaika eztabaida erakargarriren artean lehenbiziko jardunalditik nabarmendu da ‘Elikadura Burujatza’ neoliberalen eskuetatik libre edukitzeari buruzko ideien trukaketa. Manitobako (Kanada) Unibertsitatetik etorritako Anette Desmaraisek kontatu du –bera lekuko izan baitzen– nola sortu eta zabaldu zuen 1996an kontzeptua Via Campesina mugimendu orduan gazteak.

Geroztik, elikadura burujabetza txertatu da mugimendu sozial guztietan, aipatu eta barneratu dute beren erresistentzia ereduetan, eta mundu akademikoak bibliografia zabala eskaini dio ikerlan ugarirekin. Hari beretik tiraka zabaldu ziren gero ‘Energia Burujabetasuna’, ‘Hazien Burujabetza’ eta beste. “Azkenean paradigma oso bihurtu da elikadura burujabetasuna”, esan du Desmaraisek. “Nekazariek sortutako ideia horrek, gainera, protagonismoa hartu du klimaren aldaketaren ondorioak denen begien aurrean azaldu direnean”.

Orain, aldiz, arrakasta arrisku bilakatu zaio ideia berrizaleari. Raj Patel pakistandar jatorriko irakasleak (Texaseko Unibertsitatea, AEB) azaldu duenez, gaur Indian agintzen duena bezalako edozein agintari nazionalistak lotzen du elikadura burujabetza India –edo Le Penen kasuan Frantzia, berdin Trumpen Amerika– “berriro herrialde handi” bihurtzeko asmoarekin. Neoliberalismoa kapaz da bere logikaren kontra sortutako kontzeptua hartuta erabiltzeko zer eta merkatuetan gertatzen dena ezkutatzeko herritarren begietatik.

Paul Nicholson euskaldunak, Via Campesinako lider erreferentzialetakoa ere badenak, garden utzi nahi izan du elikadura burujabetza aldarrikatzean herrien eskubidea dela aipatzen, ez herri bateko merkatuen kontrola bertako boteretsuen aldetik. Eta, bigarrenik, herri guztientzat aipatzen dela eskubidea, alegia, ez duela balio elikadura burujabetzaren izenean lekuko merkatua inportazioetatik babestu eta aldi berean beste herrialdeetako baserritar txikiak itotzeko agro-esportazioak sustatzeko estrategietarako.