argia.eus
INPRIMATU
Elhuyarren itzultzaile neuronalak ahotsa du orain
  • Aukera ematen du itzulpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz entzuteko. Bestalde, itzultzaile neuronala Telegramen integratu du Elhuyarrek, mezuak itzultzeko aukera ematen duena.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 28a
Argazkia: ELHUYAR

Elia Elhuyarren itzultzaile neuronal automatikoak Text to Speech (TTS) teknologia integratu du. Funtzio hori sei hizkuntzatan erabili daiteke —euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, katalana eta galegoa—, eta itzulpena entzuteko aukera emango du bozgorailuaren botoia sakatuta. Gainera, ahots mota hautatzeko aukera ematen du. Oraingoz web bertsioan dago soilik, baina laster mugikor eta tabletetan ere izango da erabilgarri. Elhuyar eta Gipuzkoako Diputazioak elkarlanean egin dute TTS teknologiaren txertaketa.

Telegrameko mezuak itzultzeko aukera

Bestalde, itzultzaile neuronal automatikoa Telegram plataforman integratu dute. Jaso edo bidalitako edozein mezu itzultzeko aukera ematen du horrek, “Elhuyar Elia” zure kontaktuetan gehitu eta bere txatera bidalita itzuli nahi duzun mezua. Gainera, Eliaren funtzionaltasunek testu laburren itzulpenak ez ezik, dokumentu osoak ere hartzen dituzte, eta PayPal edo banku-txartelaren bidez erosketa-aukera egiteko modua erraztu dute.