argia.eus
INPRIMATU
Elhorga zentro-eskuindarrak irabazi ditu Senpereko hauteskundeak
  • Jaureguy abertzaleari 100 bozkako aldea atera dio, otsailaren 26ko bigarren itzulian. Hamazazpi hautetsik dimisioa aurkeztu zuten, Idiart auzapez ohiarekin zituzten desadostasunengatik, eta horregatik aurreratu dituzte bozak.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 27a
Elhorga zentro-eskuindarrak 1.333 botorekin irabazi ditu Senpereko bozak. Argazkia: France3.

Bernard Elhorga zentro-eskuindarra izango da Senpereko auzapez berria, ‘Agir pour Saint-Pee’ko zerrendaburua, otsailaren 26ko bigarren itzulian 1.333 boto lortuta. Bigarren geratu da Christophe Jaureguy, 1.233 bozkarekin. Hats Berri-ko zerrendaburua da Jaureguy, eta abertzaleek eta dimisioa eman zuten gehiengo hautetsi ohiek osatua dago; oposizioa izango dira. Bi horien arteko lehia estua izan da hauteskundeetan, lehen itzulian soilik 35 bozeko aldea izan baitzuten. Martxoaren 3an hartuko du kargua Elhorgak.

Dominique Idiartek 886 boz eskuratu ditu, Elgarrekin Senpererentzat taldeko zerrendarekin. Orain arte auzapeza zena hirugarren geratu da. Hain zuzen, hauteskundeak aurreratu dituzte Idiartekin izandako desadostasunek sortutako krisi politikoagatik. Haren kudeaketa kritikatu eta dimisioa aurkeztu zuten urrian gehiengoko hamar hautetsik, eta abenduan kargua utzi zuten oposizioko beste zazpik.