Black Friday egunaren harira, Elgoibarko dendetako erakusleihoak belztu zituzten joan zen asteburuan. Txankakua merkatari elkartearen kanpaina izan zen, eta elkarteko dendariez gain, herriko beste hainbat merkatarik ere bat egin zuten ekimenarekin.
Guztira 98 dendatako erakusleihoak belztu zituzten. Helburua zen herritarrei erakustea zer gertatuko litzatekeen denda txikiak itxiko balira. “Denda txikiek argitasuna ematen diete kaleei, segurtasuna handitzen dute, eta itxiko balira kaleak ilun eta beltz geldituko lirateke”. Txankakuako arduradunek esan dutenez kanpainak eragina izan du herritarrengan, eta pozik agertu dira. Herritarren erosketa ohiturak aldatu eta kontzientzietan eragitea zen helburua, eta hein batean lortu dutela adierazi dute merkatarien elkartetik. Txankakuako kide Ruth Garatek eman dizkio BARRENi kanpainaren inguruko azalpenak. Bideoan ikus dezakezue.