Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.
'Elgarrekin' lelopean iraganen da aurtengo Herri Urrats Senpereko aitziraren inguruan, antolatzaileek zehaztu bezala "bakarrik beharrean, elkarrekin indartsuagoak garela" oroitarazteko. 42. edizioaren nondik-norakoen berri eman dute apirilaren 24 honetan, besteak beste, jakitera eman dute bilduko den dirua Arberoako ikastolan suteak eragindako kalteen konpontzeko eta Kattalin Elizalde kolegioko lanen bigarren fasea finantzatzeko erabiliko dutela.
Egitarau aberatsa osatu dute, aurtengoan emakumeez osatutako taldeei leku gehiago bideratuta: "Emakumeen oholtzak duen indarra balioan jartzeko", Koldo Rodriguez Herri Urrats ekimenaren koordinatzailearen hitzetan. Ingot, Süne, Olatz Salvador, Marte Lasarte zein Ezpalak taldeak ariko dira, besteak beste. Parte hartuko duten artisten laguntza eskertu dute: "Aipagarria eta eskertzekoa da, aurtengo programazioan parte hartuko duten talde eta banakoak egindako indarra eta adierazitako konpromisoa. Hori barik ezinezkoa litzatekelako halako programazioa eskaintzea". Lotura honetan irakurgai jarri dute egitarau osoa.
Hala ere, bestaz gain "aldarrikapen eguna" dela oroitarazi dute antolatzaileek, Frantziako Gobernuaren jarrera ezkorra deitoratuta: "Ezin dugu lokartu. Gure hizkuntzaren geroa gure eskuetan baita".